Ibilbide akademikoagaitik, bost emakume omendu ditu EHUk
2020-03-09 10:03 Pil-pileanNieves Aja, Mariaje Barandiaran, Jasone Cenoz, Victoria Fernández eta Mª Jesús Otal dira.
Martiaren 8an Emakumeen Nazinoarteko Eguna izan danez, EHU unibersidade publikoak gogoan hartu ditu arlo akademikoan dabizan emakumeak, ekitaldi berezi baten. Nekane Balluerka errektorea buru dala, jakintza akademikoan nabarmendu diran bost emakumeri omenaldia egin deutse unibersidadeko Bardintasunerako Zuzendaritzeak.
Bost sarituetako bakotxa jakintza arlo batekoa da. Nieves Aja Hernando, esate baterako, Osasun Zientzietan ibilbide oparoa egindakoa da. Mariaje Barandiaran Sarasola, bestetik, Zientzien alorrean nabarmendu da, eta Jasone Cenoz Iragui, Artean eta Giza Zientzietan.
Victoria Fernández Gonzálezi be gorazarre egin deutso EHUk, Injinerutzako eta Arkitekturako alorrean. Oraintsura arte, gizonen arloa izan da hori, eta horrek balio handiagoa emon deutso Fernándezen lanari, traba guztien ganetik aitzindari izan dalako. Azkenik, Mª Jesús Otal Ventura be gogoan hartu dau unibersidadeak, Gizarte eta Lege Zientzietan egindako ekarpenagaitik.
Emakumeen Nazinoarteko Egunaren kontura antolatutako ekitaldi horretan, ikerkuntzeari jagokozan datu esanguratsu batzuk be emon ditue. Aitatzekoa da, EHUren arabera, gero eta emakume ikerlari gehiago dagozala, eta alor batzuetan gehiengo garbia dirala. 2019an, irakasle eta ikertzaileentzako plazen % 47,65 emakumeek bete zituen, 2.064 emakume hain zuzen.
Ikerkuntzeari bakarrik begiratuta, proportzinoa handiagoa da, % 48,33, hau da, 319 emakume. Gizarte eta Lege Zientzietan zein Osasun Zientzietan, gizonak baino gehiago dira. 2019an irakurritako tesiei jagokenez, % 56 emakumeek egindakoak izan ziran, 219 guztira. Tesietan be, Osasun Zientzietan dago emakumeen proportzino handiena (% 70).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!