Arte Eszenikoen XXIII. Max Sarietarako hautagaiak iragarri ditue
2020-03-05 12:10 KultureaSarien helburua da antzerki zein jantzako profesionalen talentua bultzatu eta saritzea.
Danetara, 386 ikuskizunetatik 159 aukeratu ditue Arte Eszenikoen XXIII. Max Sariak jasoteko hautagai, lehen fase honetan lurraldeko hiru epaimahaiek (Madril, Katalunia eta autonomia-erkidegoak) erabagi daben bezela. Produkzino guztietatik 10 euskaldunak dira: Pabilioi 6 (Obra bi), Markeliñe, Marie de Jongh, Kukai Jantza, DOOS Colectivo, Cia. Barsanti, Organik Antzerki-Jantza, Deabru Beltzak eta Arriaga Antzokia.
Hautaketearen lehen fasearen ondoren, lurraldeko epaimahaietako hiru presidenteek, Arte Eszenikoetako lau persona ospetsuk eta Batzorde Antolatzaileko kide batek osotutako epaimahaiak erabagiko ditue Arte Eszenikoetako Max Sarien XXIII. edizinoan lehiatzen diran 19 kategorietako finalistak.
Max Sariak emoteko galea bagilaren 29an egingo da Malagako Cervantes Antzokian, Malagako Udalaren, Malagako Cervantes Antzokiaren eta INAEMen laguntzinoagaz eta SGAEren jaiotzearen 120. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan kokatuko da, hain zuzen be.
Lehen aldia da Max Sariak emoteko ekitaldia Malagan egingo dana, Malagako uriburuko antzerki kulturearen ikur dan Cervantes Antzokiaren 150. urteurrenean.
Max sarien izakera ibiltari hori dala-eta, 23 edizinotan zehar Espainiako hainbat antzokitan izan dira. Honakoagaz, bost aldiz aukeratu dabe Andaluzia antzerki eta jantzako profesionalei egindako autorpenon egoitza legez, hau da, 2000. urtean Sevillako Maestranza Antzokian, 2008an uri bereko Lope de Vega Antzokian, 2011n Kordobako Gran Teatro Antzokian eta, 2018an, Sevillako Cartuja Center CITE entzutetsuan.
Max Sariak
SGAE Fundazioak 1998tik antolatzen ditu Max Sariak. Joan Brossa (Bartzelona, 1919/1998) olerkari eta artista plastikoak diseinau eban saria, gerraosteko arte kolektibo barritzaileetako baten bultzatzailea. Sariok Espainiako arte eszenikoen arloko autorpenik zabalena dira, gero eta jarraitzaile gehiago ditue eta mueta guztietako konpainien interesa pizten dabe. Azken edizinoan, 2019ko maiatzaren 20an, Valladolideko Calderon Antzokian, 3.200 hautagaitza profesional eta 358 ikuskizun aurkeztu ziran. Aurten, 386 ikuskizunek emon dabe izena.
Arte eszenikoen saririk entzutetsuenak XXIII. edizinora heldu dira, hiru sari bereziei eutsiz: Ohorezko Max saria; Max Sari afizionatua edo gizarte-izakerakoa; azkenik, Arte Eszenikoei ekarpen bikaina egiten deutsen konpainia afizionatu batek jasoko dauena, online aplikazino baten bidez publikoaren boto gehien lortzen dauen ikuskizunari emongo jakona. Aurten, La Maquiné antzerki konpainiak zuzenduko dau El arte de escuchar lelopean egingo dan ekitaldia.
SGAEren 120. urteurrena
2020a oso urte berezia da SGAErentzat, 120. urteurrena ospatzen jarraitzen dauelako. 1899an Vital Aza, Miguel Ramos Carrión, José Francos Rodríguez, Tomás López Torregrosa, Joaquín Valverde y Sanjuán (Quinito Valverde), José López Silva, Eugenio Sellés, Eusebio Sierra, Ruperto Chapí eta Sinesio Delgado egileek Espainiako Egileen Alkartea (SAE) sortu eta 1932an SGAE izena hartu eban. Sortzaileen alkarte horren asmoa arte eszenikoen, musikearen eta ikus-entzunezkoen egile eta editoreen jaubetza intelektualeko eskubideak babestu eta kudeatzea zan. Helburu horri eutsi eta 120.000 bazkide baino gehiagogaz, Espainiako lehen egile-alkartea da, Europako bosgarrena eta munduko zortzigarrena, 13 miloe obratik gorako errepertorioa kudeatuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!