Mondragon Unibersidadeak injinerutza-proiekturik onenak saritu ditu

Bizkaie! 2020-03-05 08:05   Kulturea

 Jardunaldiaren helburua da, egiten ikastea, benetako arazoak ebatziz.



Mondragon Unibersidade
ko Goi Eskola Politeknikoko bederatzi injinerutza-graduetako lehen, bigarren eta hirugarren mailetako 1.000 ikaslek 150 PBL proiektu baino gehiago egin ditute ikasturteko lehen seihileko honeetan. MU-k 10 urte baino gehiago daroaz PBL metodologia (Project Based Learning) erabilten. 25 proiektu onenak Orona Fundazinoan jarri dira gaur erakusgai, PBLDAY jardunaldiaren V. edizinoan parte hartu eta sari bietako bat irabazteko helburuagaz: 1.000 euroko sari ofizial bat eta 500 euroko beste bat proiektu barritzaileenarentzat. Unibersidadeko injinerutzako 500 ikasle baino gehiago eta batxilergoko beste 100 inguru batu dira jardunaldian. Gainera, erakusmahaietan beste 130 ikasle egon dira aitatutako 25 proiektuen barri emoten.

PBL benetako arazoen ebazpenean oinarritutako ikaskuntza-metodo bat da eta MU aitzindaria da Estaduan eredu hori erabilten. Europa iparraldeko eta AEBetako unibersidadeetakoakaz parekatzeko eredu horren bitartez, ikasleek ikasturtean bereganatutako ezagutzak erabili eta ikasgelan eta banaka bereganatzen gatxak diran gaitasunak aplikau behar ditue (komunikazinoa, lidergoa, erabagiak hartzea eta abar). MU lehenengoa izan zan Espainian metodologia hori erabili ebana. Ikasleek ezagutzak etorkizunean egingo daben modu berean apliketea da metodoaren helburua, arazoei aurre eginez eta horreek ebatziz, ikasturtean landutako ezagutza-eremuak praktikan jarriz. Horretarako, ikasleek jorratutako ikasgaietako ezagutzak bereganatu behar ditue.

Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzearen (PBL) metodologia erakustea da jardunaldiaren helburua, hau da, egiten ikastea, benetako arazoak ebatziz. Egun osoan zehar, lehiaketara aurkeztu diran 150en bat proiektutik hautatutako 25 PBL proiektuen erakusketea egingo da panel eta bideoen bidez eta 2020ko PBL proiekturik onenaren saria eta PBL barritzaileenaren saria emongo dira. Unibersidadeko irakasleek eta enpresetako adituek osotutako epaimahai batek aukeratu dau talde irabazlea, planteautako urtenbide teknikoa eta taldeek standean egindako komunikazinoa kontuan hartuta. Ikasleek ikasturte akademikoko lehen seihilekoan landutako proiektuak dira horreek.

PBL proiekturik onena (1.000 euroko saria) eta proiekturik barritzaileena (500 euroko saria) izateko lehiatu diran 25 proiektu hautatuen artean injinerutzako arlo guztietako lanak dagoz: energia, biomedikuntzea, ekoteknologia industriala, diseinu industriala, elektronikea, informatikea, mekanikea, antolakuntzea eta mekatronikea. Proiektu finalisten artean honako honeek ditugu: apurtutako masail-hazurrerako urtenbideen lanketea, gihar artifizialeko prototipoa, audio-anplifikadorea, haize-turbina tolesgarria, automobila altzetako katu mekanikoa, banbuzko tandem bizikletea, kartoizko barrualdea dauen surf-taula eta bestelakoak.


Sariak

Sari Nagusia: Seat Cupra autorako aluminiozko errobera-azalaren diseinua eta garapena egin dabe. Errobera-azalak fabriketako hornitzaileak dituan diseinuko mugak kontuan hartuta, markearen irudi korporatiboan oinarritutako soluzino bat landu dabe (Ekoteknologia eta Prozesu Industrialetan Injinerutzea, 3. Maila: Avila, Ander; Gallastegi, Maria; Rosinos, Sergio; Sanchez, Janire; Zearra, Endika).

Produktu Barritzaileena: Kartoizko nukleoa dauen surf taula bat egin dabe, baita taulea bizikletan garraiatzeko sistema bat be. Munduan miloe bat surf taula fabriketan dira urtean eta poliuretanozko nukleoa dabenez 200.000 tona karbono dióxido isurtzen da fabrikazino prozesuan. Ikasleen konponbidea izan da poliuretanoa baztertu eta kartoia erabiltea (Atorrasagasti Aizpuru, Aitor; Atxega Sarasua, Mikel del Canto Martinez, Nagore Guina Trullos, Maider; Halinen, Vilppu).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu