Emakume Hautetsien IV. Batzarrak demokrazia sasoiko Bizkaiko batzarkideak omenduko ditu

Bizkaie! 2020-03-03 08:09   Kulturea

Datorren apirilean, 41 urte beteko dira Demokrazia barriro ezarri zanetik.

Danetara, 116 emakumek Bizkaiaren omenaldia jasoko dabe, lau hamarkada baino gehiagoko epean, 1979an Bizkaiko Batzar Nagusiak barriro beharrean hasi ziranetik, gure lurraldeko 51 jarlekuetako baten bat beteteagaitik. Jente aurreko aintzatespen hori, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Emakundegaz eta Eudelegaz antolatuta bariku honetan, martiaren 6an, 11:30etik aurrera Gernikako Batzarretxean egingo dan Emakume Hautetsien IV. Batzarrean emongo da. Emakume horreek omentzeko ekitaldian Eusko Legebiltzarreko eta Kongresuko emakume hautetsiak, zinegotziak eta alderdi politikoetako arduradunak be egongo dira, gizonen eta emakumeen arteko benetako bardintasunaren alde aurrera egiteko helburuan bat eginda.

Datorren apirilean, 41 urte beteko dira Demokrazia barriro ezarri zanetik Bizkaiko Batzar Nagusiak barriro beharrean hasi ziranetik. 1979-1983ko lehenengo agintaldian bost emakume aukeratu zituen herritarrek Batzarretan jarteko, oso gitxi, sasoi haretan Bizkaiko Batzarretan 92 gizon egozala kontuan hartzen badogu. Batzarretako lehenengo argazki haretan Pilar Aresti, Amaya Aristizabal, Rosa Díez, Maite García eta Isabel Lertxundi egozan. 1995-1999 legealdian salto esanguratsua emon zan emakumeen presentziari jagokonez, 15 batzarkide aukeratu ziran eta. Beste 20 urte igaro behar izan dira parekotasuna lortzeko, agintaldi honetako datuak ondokoak baitira: 26 emakume eta 25 gizon.

Denpora tarte horretan, Bizkaiko Batzarretan 116 emakume jarri dira jarlekuetan batzarkide moduan, Demokraziaren 11 legealdietan. Bizkaiko Batzar Nagusiek guztiak konbidau ditu hautetsien laugarren bilera horretan parte hartu deien eta horreetako asko bertan egongo dira bariku honetan barriro, eurena izandako jarlekuan jarrita.

Txistuaren soinuak egingo deutse arretea emakumeei Batzarretxera heltzean eta bakotxak oroimenezko zapi bat jasoko dau. Ekitaldiaren lehenengo geldiunea Gernikako Arbolearen aurrean izango da eta Beti Jai Alai taldeko emakume jantzariek antxina janzten ziran moduan jantzita, Lekeitioko Emakumeen Aurreskua jantzan egin ondoren, zirkulua eratuko dabe. Zapiakaz euskal hautetsiak lotzen joango dira, holan, alkarregaz, batasunean, Gernikako Batzarretxeko ate nagusira joateko. Emakume jantzariek igarobidea osotu eta 200 konbidau baino gehiago, omendutakoen eta hautetsien artean, bertatik sartuko dira osokoen aretoan.

Apur bat geroago, gizaldietan Bizkaiko Batzarren saioen hasierea marketan eban adarraren soinuaren ostean, Batzarra hasiko da, Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria buru dala. Bertaratutako guztiak agurtuko ditu eta Batzarretako taldeetako bost emakumeri emongo deutse lekukoa. Emakume horreek, Eudelek, Emakundegaz lankidetzan, atondu dauen eta Bizkaiko Batzar Nagusiek sinatu daben Martiaren 8ko, Emakumeen Nazinoarteko Eguneko, Erakundeen Arteko Adierazpena irakurriko dabe.

Horren ostean, Bizkaiko batzarkideei egingo jaken omenaldia eta aintzatespenak emoteko saioa hasiko da. Eurak dira Emakume Hautetsien IV. Batzarreko konbidau bereziak eta gizonen eta emakumeen arteko bardintasuna lortzeko burrukearen oso irudi berezia osotuko dabe.

Hemizikloan, omendutako guztiei, bertan dagozanei eta ez dagozanei, eskainitako ohorezko aurreskua entzungo da eta Miren de Miguelek, Iparragirreren, XIX. mendeko bardoaren, Gernikako Arbola interpretauko dau. Ekitaldiari amaiera ezin hobea emoteko, emakume guztiek erretratua atarako dabe Gernikako Arbolearen azpian.

Eguerdiko 12:00etatik aurrera zuzenean jarraitu hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu