Eguneroko objektuak arte bihurtuta, Richard Artschwager-en erakusketan

Bizkaie! 2020-03-02 08:01   Kulturea

XX. mendearen bigarren erdiko korronteetatik aparte ibili zan artista amerikarra.

Bilboko Guggenheim Museoak egunotan zabaldu dauen erakusketeak XX. mendeko artista esanguratsuenetako eta, aldi berean, independenteenetako baten obrea dakar. Richard Artschwager (1923-2013) II. Mundu Gerrearen ostean sortutako korronte nagusietatik (minimalismoa eta pop art) aparte ibili zan, bere bidea topau eban: Eguneroko objektu eta materialakaz esperimentau, eta abstrakzinoa zein arte figuratiboa landu zituan.

Ogibidez ebanistea izan zan Artschwager gaztetan, eta horrek eragina izan eban bere ibilbide artistikoan. Diseinua eta barrikuntza artistikoa buztartu guran, estilo berezi eta personala topau eban. Itxuraz kontrakoak diran kontzeptuak landu zituan: Motibo abstraktuak zein figuratiboak, pinturea eta eskulturea, eskulana eta industria, funtzionalidadea eta alferrikako gauzak.

Azken baten, eguneroko bizitzako eszenak, lekuak eta altzari arruntak (mahaiak, aulkiak, armairuak) oinarritzat hartu eta berrinterpretau egiten zituan, material industrial arruntak erabilita; besteak beste, formika, Celotexa, pintura akrilikoa eta kautxuz estalitako zaldi-zurdak. Forma geometriko puruak be aztertu zituan, batez be eskulturetan. Sintesia bilatu eban, elementu eta aukera guztiak sartuta, oso ezbardinak izan arren, eta integrau egin zituan.

Labirinto edegi baten itxuran diseinauta dago Guggenheimeko erakusketea, Artschwagerren obrearen alderdi nagusiak agirian jarteko asmoz. 1960ko hamarkadearen hasieratik XXI. mendeko lehenengo hamarkadara bitarteko lanak dagoz: Egurrezko obra goiztiarrak, formikazko egiturak, Celotex ganeko margolanak, nylon-ulezko eskulturak eta blp izenekoak.

Danetara, ia 70 obra batzen ditu erakusketeak, baita jentaurrean gitxitan erakutsitako artxibo eta agiriak be. Maiatzaren 10era arte ikusi ahal izango dira Richard Artschwagerren lanak Bilbon.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu