Amuriza aita-alabak, 236. Jakin aldizkarian
2020-02-28 09:49 KultureaHarkaitz Cano, Eider Rodriguez eta Kirmen Uriberen berbak be badakarz zenbaki barriak.
Betiko lez, irakurgai interesgarriak dakarz Jakin pentsamendu aldizkariaren 236. zenbakiak, euskal kulturako sortzaile ezagunen eskutik. Xabier eta Miren Amurizaren arteko alkarrizketea da, beharbada, deigarriena, testu luze eta sakona, Jakinekoen arabera.
Amuriza aita-alabak kulturgintzan ibili dira aspalditik, bertsotan eta idazten batez be, baina baita alor gehiagotan be. Zaharra eta gaztea, gizona eta emakumea be badira. Antzekotasun eta kontrasteetatik abiatuta, gai ugari jorratu ditue Jakinen: Biak galdera-erantzunean, alkarrizketan, memoria harilkatzen, bizitzeaz pentsetan, izandakoaz gogoetea egiten, tarteka ezbaian be bai.
Bien ikuspuntuak osogarriak dira batzuetan, alkarren kontrakoak besteetan. Mundua, Euskal Herria, kulturea, etxea, familia, feminismoa... danetarikoak izan ditue berbagai amurizatarrek, baita Xabierren bizialdiko une garrantzitsuak be: Torreburuko baserri giroa, seminarioa, abadetzea, kartzelea, bertsolaritzea, aitatasuna eta beste.
Idaztearen eta idazleen inguruan gogoetea egin dabe, bestetik, gaur egungo hiru autore esanguratsuk. Harkaitz Cano, Eider Rodriguez eta Kirmen Uribe alkarrizketatu ditu Miren Rubio kazetariak. Idazleen konpromisoak, betebeharrak, kontzientziak eta zapalketak jorratu ditue, eta ondorio garbi bat atera dabe, hau da, ez dagoala konprometiduta ez dagoan euskal idazlerik.
Ganera, Egunen gurpilean atalari esker, aditu ugariren eretxiak irakurri leitekez Jakinen beti. 236. ale honetan, Itziar Ugartek kulturaz idatzi dau, Jaime Altunak soziolinguistikaz eta Alba Garmendiak pentsmenduaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!