Beterri-Buruntza-Aiztondoko 2.000 argazki Wikimediara igon ditue

Bizkaie! 2020-02-27 10:14   Kulturea

Aiurrik 2.000 argazki inguru igon ditu Wikimediara, 1990 eta 1997 bitartekoak.

Beterri-Buruntza-Aiztondoko Aiurri toki komunikabideak Tokikom Wikiproiektua aurkeztu dau. Euskal Wikilarien Kultur Alkarteagaz eta Tokikomegaz alkarlanean landutako proiektu honi esker, komunikabideak 1990 eta 1997 bitarteko 2.000 argazki digitalizau, dokumentau eta Wikimediara igon ditue, eskualdeko hurreko historia hobeto ezagutzeko eta dokumentetan laguntzeko baliogarria dana.

Aurkezpenean azaldu dabenez, proiektu hau danon behar batetik abiatu da: Wikimediak hutsune nabarmena dau, irudiei jagokenez, argazkilaritza digitala agertzen hasi zanetik orokortu zan bitarteko urteetan: Sasoi haretako irudi asko analogikoak dira, baina ez dira artxibo historikoetan digitalizetako lana hartzeko bezain zaharrak be, azaldu dau Galder Gonzalezek.

Toki komunikabideetan aspaldi jaubetu ziran argazki artxiboak oso esanguratsuak izan daitekezala ondare historikoaren ikuspegitik, baina baliabide urriek ez deutse aukerarik ixten artxibo horreek digitalizau eta txukuntzeko. Tokikomeko zuzendariak, Alaitz Artolazabalek, azaldu dauenez, badakigu balio historiko handiko eduki asko eta asko dagozala toki komunikabideen artxiboetan. Eta ezinegon eta inpotentzia handia sortzen deusku material hori alperrik galduta dogula jakiteak.

EWKEk eta Tokikome adostu eben aukera bat emotea alkarri, egiaztatzeko komunikabideetan gordetako material hori benetan hain baliotsua dan. Holan, EWKEk ‘wikilari egoiliar’ bat jarri dau lanean hilebetez komunikabide batean -Aiurrinbertako artxiboa arakatu, digitalizau, dokumentau eta Wikimediara igoteko. Bide batez, artxiboko edukia antolatzeko lanari neurria be hartu nahi eutsien erakunde biek.

Aiurriko wikilariak 2.000 argazki inguru igon ditu Wikimediara, 1990 eta 1997 bitartekoak. Egindako lan horren onurak asko dira:

● Aiurrik orain digitalizauta eta ondo ordenauta dauka bere argazki artxibo historikoaren zati handi bat.

● Artxibo hori publikoa eta eskuragarria da erabili nahi dauenarentzat, Wikimediaren bitartez.

● Wikimedia edukiz bete da, orain arte hutsik egoana.

Aiurriko zuzendariak, Joni Ubedak, nabarmendu dauenez, lana handia izan da, baina merezidu izan dau: Gaur argitaratzen ditugun argazkiak ondare bilakatuko dira, etorkizunean. Oro har, euskaldunak gure iraganeko ondareaz harro egoten gara. Eta etorkizunean be orain egiten gabizenaz harro egongo gara. Argazkigintzeak balio ugari ditu: Artistikoa da hein handi batean, eta batez be informatiboa. Denporeagaz antxinako irudi horreek balio erantsia hartuko dabe, historiari oso lotuta geratzen baitira. Orain 30 urteko argazkiez gabiz, ondare bilakatzeko bidean diranak.

Andoaingo 97ko uriola historiko hareek, Laborde enpresearen eraikin ikusgarria, Andoaingo eta eskualdeko eguneroko bizimodua eta bizitza politikoa... Horreek urtez urte jagon beharreko ondare bihurtzen dagoz. Artxiboan ikus daitekez, besteak beste:

● Martin Ugalderi Hondarribian eban etxean egindako alkarrizketea.

● A15 errepidea eregiteko lanak (bat eta bi).

● Osakidetzaren HIESaren kontrako tresna-multzoa.

● Martin Ugalde Kultur Parkea, Kultur Parkea izan aurretik...

Aiurri oso pozik dago proiektu piloto honen emoitzagaz eta gonbidapena egin dabe artxiboa arakatu eta bertan sartzeko: EWKE eta Tokikomen bultzadea sano garrantzitsua izan da. Inoiz ez da momentu egokia topetan bazterrean geratzen diran antxinako karpeta horreei eusteko. Beti dagoalako zer egina, egunerokoan. Kasu honetan, ostera, Aiurriko lankideen laguntzinoari esker, argazkiak digitalizau, antolatu eta danen eskura itxi ditugu. Onuradunak hartzaileak dira, baita Aiurriko erredakzino taldea be. Gero eta gehiago, artxibo historikoak baliogarritasun handiagoa hartuko dau tokiko hedabideetan. Atzera begira jarri eta ibilbide oparoa osotzen gabiz. Tokiak, jazoerak edo garaiak testuinguruan jarteko baliabide garrantzitsuak dira argazkia bera eta argazkiari lotutako informazinoa.

Proiektuaren barruan digitalizautako argazki guztiak ikusi hemen


Hurrengo pausuak

Jarraitzeko gogoz gagoz. Oso garrantzitsua dau egiten gagozana eta bide beretik jarraitzeko aukerea izatea nahiko geunke. Gai eta sasoi zehatzei buruzko edukien lanketarako interes handikoa izango da.

EWKEk eta Tokikomek batutako informazinoa txukuntzen eta egitasmo bat zehazten dabiz, ariketa hau Euskal Herriko beste toki komunikabideetan egiteko. Komunikabideetan gordeta dagozan argazki bildumak artxibo bihurtzearen garrantzia azpimarratu dabe: toki komunikabideetako argazki artxiboak digitalizau
eta publiko zabalaren esku jarrita, Euskal Herriko hurreko historia dokumentetako aktibo parebakoa lortuko geunke baina ahalegin handia eskatzen dau horrek eta indarrak neurtzen jakin behar dogu. EWKEn be bat datoz ideagaz: toki komunikabideetako argazki fondoak oso eduki interesgarria dira euskerazko Wikipedia osotzeko. Argazki bilduma horreek digitalizau eta Wikimediara igon ezkero, sekulako tresnea izango geunke nahi dauenaren eskura gure hurreko sasoia dokumentau eta ikertzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu