Moyra Davey, Juncal Ballestin eta June Crespo Artium Museoan

Bizkaie! 2020-02-26 08:10   Kulturea

Katinka Bock-en bakarkako erakusketeagaz ekingo deutsie 2021. urteari.

June Cresporen (Iruñea, 1982) obrea | Ikusi handiago | Argazki originala

Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak Moyra Davey (Toronto, 1958), Juncal Ballestín (Vitoria-Gasteiz, 1953-2015) eta June Crespo (Iruñea, 1982) artisten ibilbideei buruzko erakusketa monografikoakaz osotu dau 2020ko erakusketa-programazinoa, dagoeneko inaugurau diran Juan Luis Morazaren (Gasteiz, 1960) eta Gema Intxaustiren (Gernika-Lumo, 1966) erakusketen eta 1977 eta 2002 bitartean Euskal Herrian izandako arte-praktikei buruzko Zeru bat, hamaika bide tesi-erakusketearen ondoren.

Artium Museoak Euskal Herriko arte-praktikei erantzuteko proposamena sendotu dau eta, aldi berean, nazinoarteko sorkuntzan garrantzitsuak diran irudiakaz loturak ezartzen ditu. Era berean, Museoak Katinka Bock artista alemaniarraren erakusketa barri bat inaugurauko dau 2021eko urtarrilean. Azkenik, Bildumako funtsak txandakatzeko programearen barruan, 2020an, Cristina Iglesiasen (Donostia, 1956) Izenbururik bakoa (Hojas de eucaliptos) (1994), Maider Lopezen (Donostia, 1975) Izenbururik bakoa (1999) eta Ana Laura Aláezen (Bilbo, 1964) e (2002) lanak erakutsiko dira Museoan.


Moyra Davey (Toronto, Kanada, 1958). 2020ko maiatzaren 29tik zemendiaren 29ra

New Yorken bizi eta han lan egiten dau. Moyra Davey artistearen lanari eskainitako lehen erakusketa monografikoa dakar Museoak. Bilduma publiko handietan dago haren lana —horreen artean New Yorkeko MoMAn eta Metropolitan Museum-en eta Londresko Tate Modern-en—, eta nazioarteko hitzordu ospetsuetan erakutsi da, berbarako Kasseleko Dokumentaren aurreko edizinoan.

Davey-ren lana zinemearen, argazkigintzearen eta idazketearen esparruen artean dabil, eta erresonantzia eta korrespondentzia batzuk ezartzen ditu, diziplina esparru bakar batean batzea galarazoten dabenak. Ez baliabideen arteko joan-etorriak bakarrik, baita haren lanetan gainjarten diran kontakizunenak be. Gainjartzen eta eteten diran istorioak, beti artistearen berbearen bidez gauzatutako testuak, edo haren piezetan behin eta barriro agertzen diran personaien berbearen bidez gauzatzen diranak.

Bakarkako erakusketa barrienen artean ondokoak nabarmendu daitekez: Portikus, Frankfurt/Main (2017); Bergen Kunsthall, Norvegia (2016); Camden Arts Centre, Londres (2014); eta Kunsthalle Basel, Suitza (2010).


Juncal Ballestín (2020ko irailaren 19tik 2021eko zezeilera)

Sasoi haretan Bilboko Arte Eder Goi Eskolea deitutakoan ikasia, Juncal Ballestínek (Vitoria-Gasteiz, 1953 - 2015) lanotan erabilitako bitarteko eta tekniken aniztasunagaitik nabarmendutako obrak jorratu zituan: pinturea, instalazinoa, bideoa, obra grafikoa... Askotan, naturako objektuak sartzen zituan lanetan, manipulau eta testuingurutik atara ondoren, hasierako funtzinoakaz zerikusirik ez eben irakurketak eskaintzen zituenak.

Kolorearen eta pertzepzinoaren azterketea be haren ikerketa-lanaren zati bat izan zan. Lan lasaia eta gaur egun ezarritako produkzino-modu eta erritmo zoroakaz zerikusirik ez dauena.

Nabarmentzekoak dira banakako lehen erakusketak Gasteizko Eder Arte galerian (1978), Bilboko Rekalde Galerian (1979) eta Araba Aretoan (1980). Ondoren, Amarika aretoan (1993) eta Trayecto Galería-n (1998, 2005 eta 2008) be bai, besteak beste, Artium Museoaren, Gasteizko Udalaren, Vital Fundazinoaren eta Liburutegi Nazionalaren bildumetan dago haren lana.


June Crespo (2020ko urriaren 10etik aurrera)

June Crespori (Iruñea, 1982) eskainitako erakusketeak haren ibilbidearen momentu bateko eta besteko lanak batuko ditu Museoan, proiekturako berariaz produzidutako lan sailakaz batera. Haren piezetan, Crespok gorputzari eta honek arkitektureagaz dituan hartu-emonei buruzko hizkuntza bat lantzen dau eskulturatik. Zuloak, hodiak, mugak, zirkulazinoa eta hondarra dira artistearen produkzinoaren aitamena egiteko gehien errepetiduten diran kontzeptuetako batzuk.

Crespok hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Mª José Jove Fundazinoaren Nazinoarteko Arte Saria (2019), RNE-ren Ojo Crítico Saria (2018), Botin Fundazinoaren Arte Plastikoen bekea (2018) eta sormen-lana saritzeko Gure Artea Saria (2013). Haren lanak Reina Sofia eta Artium museoetako bildumen parte dira, besteak beste.

Bakarkako erakusketa barrienen artean ondokoak dagoz: No Osso, Portoko Certain Lack of Coherence espazioan (2019), Ser dos, Bilboko CarrerasMugica galerian (2017), Chance Album nº1, Bartzelonako etHALL galerian (2016) eta Kanala, Vigoko MARCOn (2016).


Katinka Bock (2021eko urtarrilaren 16tik aurrera)

Katinka Bock (Frankfurt am Main, Alemania, 1976) Parisen eta Berlinen bizi da, eta bietan lan egiten dau.

Museoko aretoetan obra barria aurkeztuko da, artistearen ibilbidearen momentu batekoak eta bestekoak diran pieza esanguratsuakaz batera. Materialen eta lan-prozesuak eta piezak eregiteko izandako eraldaketei emondako presentziaren azterketatik definiduten da haren praktikea.

Eskulturea ikasi eban Berlin-Weissensee-ko Arte Akademian eta Lyongo Arte Ederren Eskola Nazionalean. Bere bakarkako azken erakusketen artean honako honeek nabarmendu daitekez: Avalanche São Pauloko Pivemakume zentroan (2019), Gibellina Drive New Yorkeko Bortolami galerian (2019), Radio, Tomorrow 's sculpture Villeurbanneko Institut d' Art Contemporain-en (2018), Smog, Tomorrow 's sculpture, Luxenburgoko Mudam-en (2018), eta Sonar, Tomorrow' s sculpture, Suitzako Winterthur Museoan (2018).

2019an Marcel Duchamp sarirako izentau eben eta bere lanaren merezimenduagaitik Dorothea von Stetten eta Ricard Fundazioa sariak, Botín Fundazinoaren Arte Plastikoen Bekea eta Villa Médicis-eko eta Detroiteko Arte Garaikidearen Museoko egoitzak jaso ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu