'III. Zurrumurruen Kontra, sartu aterpean' lehiaketeak baditu irabazleak

Bizkaie! 2020-02-24 12:20   Kulturea

Irabazleak Marijoxe Azurza eta Francisco Sánchez izan dira. 

Bilboko Udaleko Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta jaietako zinegotziak eta beste udal ordezkari batzuk lehiaketearen III. edizinoko sariak emon ditue aniztasuna sustatzeko eta migratzaileen diskriminazinoaren kontra. ondokoak izan dira irabazleak: Marijoxe Azurza, euskerazko modalidadean, Xirimiri gudak, odola ttanttaka kontakizunagaz; eta Francisco Sánchez, gaztelaniako modalidadean, La cura de los peces poseídos lanagaz. Danetara, 119 lan aurkeztu ditue aurten eta igaz 61.

Hirugarren urtez jarraian bultzatu dau Udalak literatur lehiaketa hau. Helburua, Zurrumurruen kontra Udalaren estrategiara sorkuntzazko idazketea batzea da, sensibilizazino-tresnea izan daiten eta literatureari eta idazketeari lotutako talde barrietan eragiteko kapazidadea izan daian.

Lan arlo honek hiru jarduera ditu nagusi: Lehenik eta behin, zurrumurruen kontrako idazketa sortzaileari buruzko tailerra; 9 saio dira, idazketarako teknikak lantzeko, zurrumurruen kontrako ikuspegitik. Egun 25 persona dabiz tailer horreetan. Zurrumurruen kontra, sartu aterpean lehiaketan hainbat gai jorratu dira: bizikidetzea, kultur artekotasuna, dibersidadea, arrazakeriaren kontrako burrukea, estereotipoak, aurreretxiak, zurrumurruak, nortasuna, begirunea, alkarrizketea, dibersidadearen abantailak eta ekarpenak; eta, azkenik, zurrumurruen kontrako pintxo-pote literarioa.


Irabazleak eta finalistak

Euskeraz:

Lehenengo saria: Xirimiri gudak, odola ttanttaka kontakizuna, Marijoxe Azurzarena. Kontakizun errealistea, kazetaritzako ukutuagaz, Giza Eskubideen aldeko persona aktibistei buruzkoa; hain zuzen be, Berta Cáceres andreari buruzkoa.

Bigarren saria: Auzoa kontakizuna, Gotzon Plaza Jaiorena. Ondo idatzitako lana, hurreko inguruneetan kultur arteko eta belaunaldien arteko hartu-emonak eragiteaz.


Gaztelaniaz:

Lehenengo saria: La cura de los peces poseídos kontakizuna, Francisco Sánchez Egearena. Epaimahaiak metaforearen erabilerea nabarmendu nahi izan dau, kontakizunean funtsekoa eta oso erabilgarria dalako zurrumurruak zelan sortzen diran eta jentearen artean zelan zabaltzen diran azaltzeko.

Bigarren saria: La lágrima kontakizuna, Jaime Garcíarena. Azpimarratzekoa da gaia sakon eta samurtasunez jorratzeko gaitasun narratiboa. Enpatia gailentzen da proposamen honetan eta gainera, aurkezpen oso zaindua eta garapen sakona ditu.

Sei finalistak ondokoak izan dira: Raúl Guadián, Lágrimas de mariposa lanagaz; José Aristóbulo Ramírez, El amigo Cástulo; Alfonso Sergio Barragán, La frontera de los deseos; Mabel Andreu, Transfronterizas; Irantzu Goikoetxea, Nisa eta chat; eta Julen Orbea, Azken bagoian.


Kalidadea, sormena eta emakumearen protagonismoa

Epaimahaia osotu daben Alasne Martínek, Amaia Garaik eta Xabier Aierdik adierazo dabenez, aurkeztutako kontakizunak deialdiaren helburuagaz bat datoz, bai eta literatura-konposizioak dakarren erronkeagaz be; sentsibilidade eta esangura kritikoko dosi handia eskatzen dau gaiaren tratamendurako eta kontakizunen argumentu-garapenerako.

Era berean, testuen kalidade literarioa, originaltasuna eta generoen eta argudioen aniztasuna be nabarmendu dau epaimahaiak. Era berean, interesgarria da aurkeztutako obretan osogai protagonista nabarmena dauen emakume migratzailearen presentzia, sufriduten daben diskriminazinoaren egoerea zein eguneroko bizimoduan dauen funtsezko eginkizuna, izakera solidarioa, ekintzailea eta komunitarioa be.

Labur zurrean, epaimahaiaren eretxiz, aurkeztutako obrek berretsi egiten dabe aurreretxiak eta estereotipoak hausteko testuinguruak ahalbidetzearen aldeko apustu sendoa. Aurkeztutako obrek itxaropentsu begiratzen deutsie etorkizunari, aniztasunean oinarritutako bizikidetzea sustatzeko eta nabarmen ixten dabe aurreretxi, estereotipo eta zurrumurruen kontrako burrukarako baliozko proposamen legez, zurrumurruen kontrako estrategiak dauen kapazidadea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu