'Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari' Urretxun eta Bilbon estreinauko dabe

Bizkaie! 2020-02-21 13:41   Kulturea

Tanttaka Teatroa, Demode Quartet eta Loraldia dira ikuskizunaren bultzatzaileak.

Arriaga Antzokian aurkeztu dabe ikuskizun barria (argazkia: Loraldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurten Jose Maria Iparragirreren jaiotzearen 200. urteurrena beteko danez, Urretxuko bardoa gogoratzeko hainbat ekitaldi jarriko dira martxan. Horreetako bat izango da Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari kontzertu eszenikoa. Hiru eragileren alkarlanari esker jaio da proiektua, hau da, Tanttaka Teatroa, Demode Quartet eta Loraldia Festibalari esker. Urretxuko Udalak be lagundu dau.

Ohiko biografiatik jo beharrean, Iparragirrek bizitzan ezagutu zituan emakumeen ikuspegia plazaratuko dabe ikuskizun berezi horretan. Fikzinozko eskutitzen bidez helduko da emakume horreen ahotsa oholtzara, eta Iparragirreren kantuak be entzun ahal izango dira, egokitzapen barrien bidez. Eszenan hiru emakume aktore agertuko dira, eta gitarra jolea gerizpean geratuko da.

Angel Unzu izango da ilunpeko musikari hori. Aktore eta kantariak, ostera, euskal antzerkigintzan eta musikagintzan ezagun-ezagunak: Ainara Ortega, Joli Pascualena eta Ane Gabarain. Kontzertu eszenikoa atondu eta zuzentzeaz arduratuko dan Fernando Bernuesek be eskarmentu luzea dauka.

2020ko Loraldiaren koprodukzinoetako bat dogu Iparragirreren inguruko hau. Bilbon, ikuskizuna aurkezteko prentsaurrekoan, festibaleko komunikazino arduradun Amaia Ocerin egon da, Fernando Bernuesegaz eta Urretxuko alkate Jon Luquigaz batera.

Izan be, Urretxu eta Bilbo izango dira Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari ikuskizunaren estreinaldirako lekuak. Lehenik eta behin, martiaren 10ean, Urretxun egingo dabe aurrestreinaldia, bardoaren jaiotzearen 200. urteurrena ospatzeko egitarauaren barruan. Biharamunean, hilak 11, Bilboko Arriaga Antzokian estreinauko dabe, 19:30ean.

Loraldiaren programazinoaren parte izango da kontzertu eszenikoa. Hori dala eta, lorazainek (Loraldiaren laguntzaile bonua dabenek) merkeago pagau ahal izango dabe Arriagako sarrerea, zortzi euroan. Ganerako publikoak hamar euroan erosi leikez txartelak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu