Euskal zinemagileen proiektu biri lagunduko deutsie Madrilen
2020-02-21 10:35 ZinemeaLa Incubadora ekimenerako aukeratu ditue 20.000 especies de abejas eta Los quinquis.
Madrilgo Zinema Eskolearen barruko The Screen proiektuak hirugarren urtez ipini dau martxan La Incubadora, hasten dagozan zinemagileei film luzeak egiten laguntzeko ekimena. Lehenengo, bigarren edo, asko jota, hirugarren lan luzea egiteko bultzadea emoten deutsie sortzaileei. Diruz eta aholkularitza aldetik jasoten dabe laguntzinoa aukeratutako egitasmoek.
Hirugarren deialdira aurkeztutako 200 proposamenen artean bost baino ez ditue aukeratu, eta euskal proiektu bi dagoz tartean. Batetik, Lara Izagirrek eta Gariza Filmsek produzidutako 20.000 especies de abejas; bestetik, Mintxo Díazen eta Dynamite Filmsen egitasmoa, Los quinquis. Marisa Fernández Armenteros (The Mediapro Studio), Sandra Tapia (Arcadia Motion Pictures) eta Alexis Reybet-Degat (Elle Driver) zinema industriako profesionalak egon dira epaimahaian.
Lara Izagirre zornotzarra ezagun egin zan euskal zinemagintzan Un otoño sin Berlín lehenengo lan luzeagaz. Bigarrena, Nora, laster estreinauko dau. Oraingo honetan, produktore dabil Gariza Films eta Sirimiri Films etxeen 20.000 especies de abejas filmean. Zuzendaria eta gidoilaria Esti Urresola da. Madrilera joango dira biak, filma egiteko La Incubadoraren laguntzinoa ahalik eta ondoen aprobetxetako.
Ume transexualak hobeto ezagutarazoteko filma izango da 20.000 especies de abejas. Euren barruko bizitzea, pentsamenduak eta sensazinoak zeintzuk diran aztertuko dau Urresolak, eta kanpoko munduagaz zelan buztartzen daben. Familia barruko egoera gordinak agertzen be ahaleginduko da.
Los quinquis, ostera, Yago Herrerok zuzenduko dau, Mintxo Díez eta Dynamite Filmsek produziduta. Krimena da oinarria, urien kanpoaldeko gaizkileen gorabeherak hain zuzen. Istorio errealak dira gidoiaren abiapuntua.
Aukeratutako proiektu bakotxari 10.000 euro emongo deutsiez La Incubadorakoek. Horrezaz gan, Madrilen bertan, adituen aholkuak eta jarraibideak jasoko ditue. Besteak beste, Pablo Berger zuzendaria, Neus Ballús zuzendari eta gidoigilea eta Sandra Tapia produktorea ibiliko dira euren jakintzak konpartiduten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!