Goi mailako filmak 70. Berlinalen

Bizkaie! 2020-02-20 10:03   Zinemea

Sail ofizialean 18 lan lehiatuko dira.

Alemaniako historiari lotu-lotuta dago Berlinale, 70 urteko ibilbidean jazoera ugariren lekuko izan da eta: Bigarren Mundu Gerrea amaitu barritan jaio, eta bitan banatutako Berlin ezagutu dau, uriaren alderdi bien arteko batasuna be bai. Zazpi hamarkadak ospatzeko, sari berezia emongo dabe aurten, Urrezko eta Zidarrezko Hartzakaz batera. Urteurren biribilean jaialdi biribila nahi dabe antolatzaileek.

Gaur, hilak 20, hasiko da Berlingo Nazinoarteko Zinema Jaialdia, eta, martiaren 1era arte, mundu zabaleko zinemagileak pasauko dira alfonbra gorritik eta labatik harako pelikulek hartuko ditue pantailak. Adituen ustez, Carlo Chatrian eta Mariette Rissenbeek bikotea zuzendaritzara heltzeak mesede egin deutso programazinoari, azken urteetako beherunzko jokerea apurtu eta kalidade handiko lanak ekarri dituelako.

Urrezko Hartza irabazteko lehian egongo diran 18 pelikulen artean, besteak beste, Burhan Qurbani, Natalia Meta, Christian Petzold, Kelly Reichardt eta Sally Potter dagoz. Lehiaketaz kanpo be, jakinmina eragin daben filmak aukeratu ditue. Esate baterako, gaurko inaugurazino galan estreinauko dabe Philippe Falardeauren My Salinger Year, zaleek gogoz itxaron daben lana.

Jeremy Ironsek zuzendutako epaimahaia arduratuko da Urrezko Hartza, epaimahaiaren Zidarrezko Hartza eta 70. edizinoko Zidarrezko Hartz berezia norentzat izango diran erabagiteaz. Beste sari garrantzitsu batzuk, baina, dagoeneko iragarrita dagoz. Ohorezko saria Helen Mirren aktore britainiarrak jasoko dau.

Sail nagusietatik kanpo bada be, euskal zinemagintzea be Berlinalen izango da aurten. Zineuskadik jakitera emon dauenez, gazteen proiektuak ezagutarazoteaz arduratzen dan Berlinale Talents egitasmoan hartuko dabe parte Maider Fernandez Iriartek eta Jorge Moneok. Euren proiektu zinematografikoak erakutsi eta, adituen laguntzinoaz, hobetzeko aukerea izango dabe.

Ganera, nazinoarteko produktore eta programatzaileakaz hartu-emon estua izango dabe Fernandez Iriartek eta Moneok, baita Berlinale Talentserako aukeratu dituen beste 250 sortzaileakaz be. Beste herrialde batzuetan zinemagintzearen industriak eskaintzen dituan aukerak ezagutu ahal izango ditue, beraz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu