Nagore Laffage eta 'La Manada' ardatz, euskerazko lehen antzezlana sortu dabe

Bizkaie! 2020-02-20 09:00   Kulturea

Kasu bietan oinarritutako Birritan bortxatua antzezlan aitzindaria da.

Euskerazko fikzino-dokumentala lan barritzailea da eta Euskal Herri osorako biran aurkeztuko da, bortxaketa baten ondoren emakumearen biktimizazino bikotxean sakontzeko, benetako hainbat alkarrizketa dakarzan obrea.

Nagore Laffage eta Iruñeko talde bortxaketearen kasuak, aktoreen hurreko esperientzia errealakaz batera, izan dira datorren zezeilaren 22an eta 23an Donostiako Gastezena aretoan estreinauko dan euskerazko fikzino dokumental estiloko antzezlan aitzindari honen bizkarrazurra. Birritan bortxatua izena dau lanak eta, emakumeak bortxaketa baten ostean biziten dauen biktimizazino bikotxaren argazki gogorra da: zer pasetan da zure burutik? Zergaitik galdetzen deutsie galdetzen deutsiena? Zergaitik berpizten deutsie dana berriro?

Saioa Royok (Donostia, 1975) biktimearen papela egingo dau eta Ion Martinez Txiki-k (Donostia, 1980), ostera, fiskalaren eta defensako abokatuaren papela egingo dau. Euskal Herri osoan egindako biran aurkeztuko dabe antzezlana eta, bertako alkarrizketetako batzuk, gainera, bene-benetakoak dira.

Aldatzen Laguntzen Antzerki Taldeak hamarkada bat bete dauela bide -2010etik 2020era, hain zuzen-, testuinguru horretan kokatu nahi izan dabe aktoreek obrea: Hau laugarren antzezlana izanik, pausu bat emon gura izan dogu gure ibilbidean. Txiki-k aspalditik buruan eban idea eta, dokumentazino lan sakon bat egin ondoren, martxan jarri eban' azaldu dau Royok. Holan, orain urtebete ekin eutson Martinezek gidoia idazteari: Nagore izeneko 44 urteko emakume bat bere herriko jaietan bortxatu dabe 2016ean. Herriko ezagun batek egin dau. Nagore epaiketara doa eta, egiten deutsien galdeketek beregan zer eragin dauen azalduko dogu. Hori da ardatz nagusia, adierazo dau.

Zelan taiutu daben fikzino dokumental estiloko istorio hau? Errealidade desbardinetatik abiatutako fikzinoko historia bat da, ni antzerki-gidoia ikasten negoala esaten neutson Txiki-ri: Fiskalak egindako galdera hau zeuk asmauko zendua, ezta?. Ez, ez, hori benetakoa da. Gero kokatu egin ditu Ionek, baina gauza asko benetakoak dira, azpimarratu dau Royok. Halan da be, Martinezek argi itxi dau ez dabela errealidadearen transkripzino garbirik egin gura izan: Galderak hartu ditugu, oso potenteak baitira, baina gure historia errealidadean oinarritutako fikzinoa da. Epaiketako galdera gehienak, esaterako, benetako epaiketetako galderak dira, gehienbat Iruñeko talde bortxaketearen eta Nagore Laffageren epaietakoak. Horrezaz gan, zoritxarrez gure inguruan entzundako eta bizitako esperientziak be erabili ditugu gure antzezlana osotzeko.

Aktoreek argi dabe testuinguru zehatz bateko ekimena dala obrea, hau da, eurena beste ekarpen bat dala: Abiapuntua Nagore Laffageren kasua izan zan. Hortik argiago azaleratu, jendarteratu baitzan eraso matxisten kontrako gizartearen mobilizazinoa eta, mobimentu feministak bultzatzaile handienak izan ziran. Ondoren, upealako saltsea egon zan Iruñeko talde bortxaketearen kasuagaz eta gizartearen mobilizazinoak inoiz ez bezelakoak izan ziran. Horrek guztiak eragin zuzena izan eban gugan eta antzerkiak eskaintzen dituan elementu guztien laguntzaz gure harri koxkorra jarri nahi izan dogu antzezlan honetan, azaldu dau Martinezek.

Izan be, zergaitiaz itaunduta, honakoa erantzuten dabe: Askotan pentsetan dogu holako gauzak ez dirala euskal jendartean jazoten eta hemen be badira. Gu antzerkilariak gara eta, jendarteagaz batera joan nahi dogu gure ekarpena eginez.


Euskerazko lehen antzezlan gordina

Emakumeen sexu-erasoei buruzko obra aitzindaria da honakoa, izan be, orain arte ez baita euskeraz holakorik sortu: Egin dira modu bateko eta besteko antzelanak indarkeria matxistearen inguruan, baina hau izango da bai indarkeria matxistea, bai estadu boterearen patriarkaltasunaren gaia era gordinean jorratuko dituan euskerazko lehen antzezlana, azpimarratu dau Royok. Errealidadetik abiatutako fikzinoko antzezlana da.

Izenburuari jagokonez, Birritan bortxatua izena dau lanak, izan be, azkenean gure hausnarketea da: bortxaketa baten aurrean, bortxatzailearen kontra daukadan tresna bakarra epaitegia da eta, epaitegian bortxatua sentidu naz ni: hedabideak zure gainean dituzu, kasua leku guztietan azaldu da, epaitegira zoaz, barriro kontau behar dozu dana danen aurrean... Beraz, azkenean, gure ondorioa da bigarren aldiz bortxatua epaitegian izan dala. Hori izan da niretzako obra honetan gogorrena, dino Royok.

Antzezlan honegaz aktore biek helarazo gura dabena da, ze hizkuntza erabilten dan gaur egungo gizarte patriarkalean, esaterako, biktima ‘salatari’ legez azaltzen baita epaitegian. Eraso matxistak eta emakumearen kontrako indarkeria kasuan egunero entzuten doguz eta, azkenean, informazino horrek sensibilizetan gaitu. Holan, gaia jorratzea erabagi dogu, lehenengo, guretzat, hau da, dramearen inguruko antzezlan bat euskeraz sortzeko, antzezteko eta persona legez be aberasteko, jakina. Eta bigarrenik, jendartearentzat, sensibilizazino modura, argudiatu dau Martinezek.

Espazioaren berezitasuna 

Antzezlan honen berezitasunetako bat lau paretara egitea da ikuskizuna moldagarria izateko eta, era berean, ikuslea hur eukiteko: Antzerkiaren indarra be helarazo gura dogu, publikoa hur jarriko baita, lau aldeetan, epaiketako ikuslea balitz bezela. Horrek sensazino eta erreakzino handia eragiten dau norberarengan. Honi guztiari, Nagoreren kontzientzia be nahastauko da interrogatorioen artean. Publikoarengan galderak eta erantzunak sortu nahi ditugu, ikuslea hunkitu, baina erreflexino sakonetara jo barik' azaldu dau Martinezek, izan be, asko dira antzezlanean zeharka jorratu dituen gaiak, besteak beste, errendizinoa, sexu-berekoikeria, emakumearen papela jendartean, erabilitako hizkuntzea eta patriarkatuaren boterea eta boterearen patriarkaltasuna.

Antzezlan guztia Royok eta Martinezek taiutu dabe, baina laguntzinoa be izan dabe: itzulpenetan eta euskerearen arloan, Idurre Zugazagastik eta Beñat Esnaola izan ditue bidelagun. Soinu, efektu eta argiztapenaren diseinua ‘Factory logistika’ enpresearen ardurea da, Argazki eta afixei jagokenez, Maköki Faktoriak eginikoak dira. Eta produkzino lan hau guztia aurrera eroateko ezinbestekoa da Taupaka Euskal Sortzaileen Alkartea, eurak alkartearen parte baitira.


Sareetan oihartzuna

Mobimentu baten parte dirala gogoan hartuta, euskal jendartean dan arazo larri honi aurre egiteko asmoa be bada antzerkia eta, antzezlanaz harago be joan nahiko leukie Royok eta Martinezek. Horretarako, Twitter sare sozialean kontu bat zabaldu barri dabe jenteak nahi dauena jarteko bertan: esperientziak, eretxiak, aitamenak... Twitter kontua honakoa litzateke: @kontazan. Jenteak nahi dauena jarteko plataforma, baliabide edo topagune legez sortu dogu, antzezlanaz nahi dauena esateko azaldu dau Martinezek. #kontazan eta #birritanbortxatua traolak be erabili daitekez. Horrezaz gan, Aldatzen Laguntzen Antzerki Taldearen eta Taupaka Euskal Sortzaileen Alkartearen sareak be jarri ditue:

Twitter:

@kontazan @antzerki @taupakaelkartea

Traolak:

#kontazan #birritanbortxatua


Euskal Herrian bira zabala


- Zezeilak 22an eta 23an: Donostiako Gazteszena Aretoan, 20:00retan.

- Martiaren 27an, Usurbilen, Nazinoarteko Antzerki Egunean. 20:00retan.

- Martiaren 28an, Ihabar, Uharte Arakileko kulturgunean, 18:00retan.

- Apirilaren 26an, Donostiako Doka Kafe Antzokian, 19:00retan.

- Maiatzaren 9an, Mauleko Tokia antzerki gunean, 21:00retan.

- Maiatzaren 10ean, Donostiako Doka Kafe Antzokian, 19:00retan.

- Maiatzaren 17an, Azkoitiko Mataixen, 19:00retan.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu