Altsasuko Inauteriak Galdakaoko Andra Mari Jantza Taldeak berreskuratu zituan

Bizkaie! 2020-02-19 10:09   Kulturea

Dokumentalaren aurrerapena hemen.

Berrogei urteren ostean, Galdakaoko Andra Mari Jantza Taldeak Altsasuko inauteriaren inguruko berbaldia eta dokumentalaren aurrerapena eskaini ditu inauteri ezagun hau ulertu eta zelan berreskuratu eban azaltzeko.

Ohitura zaharrei jagokenez, Europako inauteririk zahar eta arkaikoenetako bat zan Altasuko inauteria, 1916. urtean azkenekoz egin zana Altsasun bertan. Kontua da ze 60 urtean desagertuta egon ostean, Galdakaoko Andra Mari Jantza Taldeak berreskuratu eban 1976. urtean, ikerketa lan sakon baten ondorioz.

Holan ba, Andra Mariko kideek 1982an Altsasuko inauteria bere osotasunean barriro antzeztea lortu eben. Emoitza zoragarri eta historikoa erakutsi eta bere jatorrira bueltetako asmoz, urte berean Andra Mari taldea Altsasura joan zan, bertako karnabala bertatik bertara altsasuarrei erakusteko.

Inauterien helburuetako bat kontzientziak piztea be badanez, galdakoztarrek Altsasuko gazteak zirikatu eta euren inauteri historiko esanguratsua eurek be antzeztea lortu eben. Eta holan bilakatu dira gaur egun hain ezagun bere garaian ezezagunak ziran Momotxorroak, esaterako, Altsasuko eta Galdakaoko herritarren arteko hartu-emonei esker.

Berrogei urteren ostean, eta Andra Mari Jantza Taldearen 65. urteurreneko ekitaldien barruan, alkarte galdakoztarrak berreskuratze lan horren barri emon dau, baita Altsasuko inauteriaren sinbologia landu eta honen harira taldea prestatzen dabilen dokumental baten aurrerapena emon be. Ezustekorik ezean, 2020. urteko amaierea baino lehen aurkeztea da asmoa. Jon Eguzkiza sano tematuta dabil dokumentaldean oinarri izango diran Altsasuko Inauterien berreskurapena eta bertan protagonista diran Momotxorroak, goldearen figurea eta sinbologia guztia ikertzen. Baina Mikel Zamalloa, Kepa Otaegi eta Oier Araolaza be buru-belarri dabiz desagertuta egon diran inauteriak berreskuratu eta zabaltzeko lanetan. Dokumentalaren aurrerapena hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu