Euskal zinemea Bartzelonara eroango dau Zinemaldia.cat-ek

Bizkaie! 2020-02-19 08:07   Zinemea

Zezeilaren 21etik martiaren 1era egingo dabe 15. edizinoa.

Igotz Ziarretak diseinau dau kartela | Ikusi handiago | Argazki originala

Bartzelonako hiru lekutan euskal zinemeak emondako azken barrikuntzak ikusi ahal izango dira hurrengo egunotan, Zinemaldia.cat jaialdiaren 15. edizinoari esker. Euskal Etxea, Hizkuntza Eskola Ofiziala eta Girona zinema-aretoak dira hiru lekuok, jaialdiaren hiru egoitzak. Zezeilaren 21ean hasita, egunez eguneko programazino interesgarria dakar, Bartzelonan bizi diran euskaldunen zein euskal kultureagaz interesa daben kataluniarren gozamenerako.

Euskal Herrian egindako makina bat film egongo dira Zinemaldia.cat-en, tartean hamaika lan luze. Horreetatik zazpi, sail ofizialean: Zauria(k), Lur eta Amets, Urpean Lurra, Soinujolearen Semea, Hiru Uhinak, Ez, eskerrik asko! eta Agur Etxebeste!.

Lehenengo egunean, hain zuzen be, Zauria(k) emongo dabe Girona aretoetan, gaixotasun mentalak ikuspegi feministatik jorratzen dituan lana. Hilaren 22an, ostera, film labur eta ertainen emonaldia Euskal Etxean izango da. Besteak beste, Erraiak eta Napardeath proiektauko ditue.

Zezeilaren 23an, domekea, sail ofizialeko pelikulak ikusteko modua egongo da Girona aretoetan: Goizean, marrazki bizidunetako Lur eta Amets; arratsaldean, Urpean lurra eta Soinujolearen semea. Maddi Barber eta Fernando Bernues, film biotako zuzendariak Bartzelonan izango dira azalpenak emoten.

Hilaren 26an bueltauko da Zinemaldia.cat. Egun horretan, Euskaltzaindia: egunak eta lanak, Euskaltzaindiaren mendeurrenaren inguruko dokumentala emongo dabe. Biharamunean, zineforuma eta proiekzinoa egongo dira, Punk is dead izenburupean. 28an, Loïc Legranden Hiru uhinak ikusi ahal izango da, zuzendaria bertan dala.

Jaialdia biribiltzeko, azken egun bietan emongo ditue oraintsu estreinau diran eta zeresana emon daben film bi: Zezeilaren 29an, Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentala eta martiaren 1ean, Agur Etxebeste! fikzinozkoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu