FANTen Alejandro Landesen 'Monos' filmaren aurrestreinaldia egingo dabe

Bizkaie! 2020-02-18 08:05   Zinemea

Golem-Alondiga zinema-aretoetan emongo dabe zezeilaren 20an, 20:00etan.

Bilboko Udalak antolatzen dauen FANT, Bilboko Fantasiazko Zinemaldiak maiatzaren 8tik 16ra ospatuko dau 26. edizinoa, baina, aurrerapen legez, jaialdiaren hasierearen aurreko hainbat hitzordu atondu ditu; esangura horretan, zezeilaren 20an, Monos filmaren aurrestreinaldia izango da. Monos Alejandro Landesek zuzendutako drama kolonbiarra da, eta Sundance Jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia jaso dau.

Mendi baten tontorrean, lehen begiratuan udako kanpamentua emoten dauen lekuan, monos ezizenez ezagutzen diran zortzi ume gerrillari sarjentu paramilitar baten begiradapean bizi dira. Euren misino bakarra argi dago: doktorea, bahitu daben emakume amerikarra, jagotea. Misinoa arriskutsua bihurtzen hasten danean, euren arteko konfidantzea kolokan jarten hasiko da

Monos filmak hainbat sari jaso ditu, Epaimahaiaren Sari Berezia - Drama (World Cinema) Sundance Jaialdian edo Jatorrizko Musika Onenaren BAFICI 2009ko Saria, besteak beste; horrezaz gan, Nazinoarteko Film Independente Onenaren edo Iberoamerikako Film Onenaren izendapenak be jaso ditu.

Proiekzinoa iluntzeko 20:00etan hasiko da Golem–Alondiga zinema-aretoetan. Sartzea doban da, baina beharrezkoa izango da gonbidapena jasotea txarteldegian proiekzinoaren egun berean, 16:00retatik aurrera –gehienez be gonbidapen bi persona bakotxeko, leku guztiak bete arte

Bestalde, Bilboko Udalak dagoeneko zabaldu dau epea filmak, film laburrak eta luzeak, FANTen 26. edizinoaren lehiaketan aurkezteko. Kopiak jasoteko azken eguna datorren martiaren 1a da.

Materialak lehiaketan aurkezteko prozedurea eta beharrezkoa dan gainerako informazino guztia, zinemaldiaren webgunean konsultau daitekez.


Monos

- Zuzendaria: Alejandro Landes.

- Gidoia: Alexis Dos Santos, Alejandro Landes (Historia: Alejandro Landes).

- Koprodukzinoa: Kolonbia-Argentina-Uruguai-Herbehereak-Alemania-Suedia.

- Produktoreak: Franja Nomo / El Campo Cine / Film I Väst / Le Pacte /Lemming Film / Mutante Cine / Pandora Film / Snowglobe Film

- Aktoreak: Julianne Nicholson, Moises Arias, Jorge Román, Sofia Buenaventura, Laura Castrillón eta Sneider Castro.

- Generoa: Dramea.

- Herrialdea: Kolonbia.

- Urtea: 2019.

- Iraupena: 102 min.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu