2020ko Bardintasunaren Aldeko Zirgari Sariek baditue irabazleak

Bizkaie! 2020-02-17 11:27   Pil-pilean

Milagros García Crespo, bardintasunaren aldeko abogaduak, Torre de Babel eta Portugaleteko Aisialdi Sarea dira sarituak.

Emakumeen eta gizonen arteko bardintasunaren aldeko lana autortzeko asmoz bultzatzen ditue Zirgari Sariak Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK Fundazinoak. 2020ko edizino honetan, 60 hautagaitza aurkeztu ditue herritarrek, eta horrek erakusten dau Bizkaiko gizarteak bardintasunaren alde daukan konpromisoa, antolatzaileen arabera.

Hautagaitza guztiak aztertuta, lau irabazle aukeratu ditue, beste horrenbeste kategoriatan. Ohorezko Saria Milagros García Crespori emotea ebatzi dabe, egin dauen ibilbide ikaragarria aintzatesteko asmoz. Ekonomia Zientzietan doktorea da, erreferente bat emakume guztientzat, unibersidadearen barruko eta kanpoko ekonomiaren ezagutzearen arloan aitzindari izan da. Ekonomia Fakultade bateko lehenengo dekanoa izan zan García Crespo Espainia guztian.

Horrezaz gan, Eusko Jaurlaritzako sailburu (1987-1989), Herri Kontuen Euskal Epaitegiko lehendakari (1989-1991) eta Kontu Auzitegiko lehendakari (1992-2001) izan zan Milagros García Crespo.

Emakumeakanako indarkeriaren kontrako alorrean nabarmendu diranen atalean, ostera, Zirgari Saria bardintasunaren alde jardun diran abogadu batzuentzat da. Antolatzaileen arabera, Espainiako demokraziaren lehen hamarkadan, lan gatxa eta funtsezkoa egin eben emakumeen eskubideen alde eta indarkerien kontra: indarkeria fisikoa, baina baita emakumeen askatasunen kontrakoa be.

Abogaduen talde horretan egozan Mercedes Agundez Basterra, Esperanza Osaba García, M. José Carrera, Isabel Ochoa, Marta Dolado Galíndez, Felicidad Marín Marín, Begoña Hernández, Garbiñe Olealdekoa Orbe, Juana María Balmaseda Ripero eta Lucía Urbaneja. Modu kontziente eta kolektiboan jardun eben, eta eredu izan ziran hurrengo belaunaldietako beste abogatu askorentzat.

Ahalduntzearen eta balioak aldatzearen kategorian, Ellacuría Fundazinoaren Torre de Babel programeak irabazi dau 2020ko Zirgari Saria, bizi-egoera latzean dagozan emakumeei laguntzeko eta ahalduntzeko egindako lanagaitik. Batez be, emakume etorkinak, arrazakeriagaitik bazterturik dagozanak eta lan-baldintza eskasak dituenak babesten ditu Torre de Babelek.

Azkenik, uritartasun aktiboaren kategoriako saria Portugaleteko Aisialdi Sareari emon deutsie. Ume, nerabe, gazte eta familiei arretea emoten deutsen erakunde horrek emakumeak ahalduntzeko hainbat proiektutan hartzen dau parte, emakumeei euren eskubideak aldarrikatzeko eta autonomiaz bizi izateko aukerea emoteko asmoz.

Orain arte egindako lanagaz segidu deien, irabazleetako bakotxak 6.000 euro jasoko ditu, Ohorezko Sariaren kasuan izan ezik, atal horretarako ez dagoalako diruzko saririk. Zirgari Sariak emoteko ekitaldi ofiziala martiaren 6an izango da, Bilboko BBK Salan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu