Cristina García Roderoren argazkiak ipini ditue Rekalde Aretoan

Bizkaie! 2020-02-14 13:27   Kulturea

Artistearen berrogei urteko ibilbidearen errepasoa da.

Lorea Bilbao eta Cristina García Rodero, erakusketea ikusten (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Maiatzaren 17ra arte, gaur egungo argazkigintzearen ordezkari gorenetako baten lana ikusi ahal izango da Bilboko Rekalde Aretoan, Con la boca abierta izeneko erakusketan. Cristina García Rodero espainiarraren lau hamarkadako ibilbide oparoaren atzera begirakoa da, 1979tik honakoa. Aurkezpenean, Rosa García Rodero bera etorri da Bilbora, eta Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduagaz batera azaldu ditu erakusketearen nondik norakoak.

García Roderoren lanak gizakiaren sentimenduak eta emozinoak arakatzen ditu argazkien bidez, eta  berorrek adierazoteko ahoak dauen garrantzia agertzen dau. Lorea Bilbaoren arabera, argazkiek munduan jazoten dana kontetan dabe eta irudien bidez gizakiaren emozinoak transmitiduten ditue: pertsonaiak aharrausika, garrasika, harriturik, barrezka edo euren min-keinuek eraldatuta.

Nekazaritzako eta landa eremuko izakera etnografikotik hasi eta argazki abangoardistenetara, 30.000 irudi inguruko bildumea osotu dau García Roderok. Horreetatik, 60 bat aukeratu ditue Rekalde Aretorako. Erakusketearen ibilbideak gizakiaren gogo-aldarteak errepasetan ditu artistearen begiradatik: jaiotzako lehen negarra eta heriotzako kexua, irribarrea eta barrea, mina eta plazera, harridurea eta ikarea, sentsualidadea eta sexualidadea, inozentzia eta probokazinoa...

Hunkitzen naben eta jakinmina eragiten deusten leku eta personen aurrean jarten naz, azaldu dau Cristina García Roderok. Ez dago ezer zorizkorik eskaintzen dodan horretan, arrunkeriatik urruntzen dan une bat bilatzen dodalako, argazki bakar bat.

Erakusketeagaz batera, jarduera osogarriak be antolatuko ditu Rekalde Aretoak, bisitak eta tailerrak, besteak beste. Guztiak doban izango dira, baina batzuetan parte hartzeko izena emon beharko da aldez aurretik. Erakusketea bera ikustea be doban da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu