Sortzaileen bidekurutzea izango da 6. Loraldia

Dabi Piedra 2020-02-13 13:12   Kulturea

Martiaren 10etik 29ra egingo dabe, Hamaika desira! lelopean.

Antolatzaile, artista eta agintariak, 6. Loraldiaren aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko urteetan ibilitako bidean sakonduz, euskal kulturearen topaleku eta sortzaileen agertoki izango da Bilbo hiru astez, Loraldia Festibalaren 6. edizinoan. Euskeran eta euskal kulturan oinarritutako dozenaka ikuskizun barritzaile, moderno eta harrigarri izango ditu publikoak aukeran, martiaren 10etik 29ra, uriko 15 lekutan.

Bilbotarrontzat pribilegioa da gure areto eta plazetan Loraldia eukitea, adierazo dau Gonzalo Olabarria zinegotziak, Bilboko Udalaren izenean. Imanol Agirre jaialdiaren programazinoaren arduradunaren arabera, Bilboren porlanezko bihotzean loratuko da euskerazko udabarria. Antzerkia, jantzea, musikea, literaturea, zinemea, gastronomia, rol jokoak eta bertsolaritzea dakarz Loraldiak, hamaika arlo, hamaika artista, eta publikoarentzako hamaika aukera. Hortik dator Hamaika desira! leloa.

Horreek disziplina artistiko guztiak, baina, ez dira modu isolatuan programau, artisten arteko nahastea eta alkarlana bilatu dabelako antolatzaileek. Era horretara, poesia, irudiak eta musikea buztartuko ditu Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe saioak, Miren Agur Meaberen olerki barrietan oinarritua eta Eneritz Artetxeren gidaritzapean. Bertsolaritzeak eta jantzeak bat egingo dabe Errimak bi oinetan ikuskizunean. Eta gastronomia eta kantua lotuko ditue Ardo gazta, dasta kanta-n.

Bidekurutzeak maite doguz, hamaika espazio dakarguz disziplina artistikoak alkartzeko, aurreratu dau Ane Pikaza aktoreak. Bidekurutze ez eze, Loraldia zubi be badala ganeratu dau Imanol Agirrek, urruneko kulturak bertora ekarteko. Holan, Portugalek eta Iurretak bat egingo dabe fadoaren, Fernando Pessoaren eta Joseba Sarrionandiaren inguruan. Bestetik, Bon Dylan eta New York Bidebarrietara helduko dira, Iker Diaz Letamendi eta Adolfo Garcia Gorriari esker.

Sortzaileen bultzatzaile izateko bokazinoa be ez dau galdu Loraldiak seigarren aldi honetan. Produkzinoaren edo koprodukzinoaren bidetik, ikuskizun barriei laguntzen deutsie, eta, aurtengoan, Tanttaka konpainiagaz eta Demode Quartet taldeagaz egindako koprodukzinoa nabarmendu dabe antolatzaileek, Iparragirreren jaiotzearen 200. urteurrena gogoratuko dauen lana. Emakumeen begietatik errepasauko dabe Urretxuko bardoaren bizitzea.

Atzoko eta gaurko euskal kulturako beste erreferente batzuk be kontuan hartuko ditu Loraldiak: Agusti Xaho, Fermin Muguruza, Mikel Urdangarin... Alos Quartet taldeak, bestetik, 20 urte bete ditu, eta artista konbidadu ugarigaz ospatuko dau efemeridea.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbaoren arabera, Loraldia aukera bikaina da euskal kulturea gozetan dogunontzat zein sortzaileentzat. Artistei ezinbesteko plataformea eskaintzen deutsela dino. Imanol Agirrek, antolatzaileen ikuspegitik, artistei eskerrak emon deutsez, sortzaileen hazi barik ez dagoalako Loraldirik. Festibala babesten daben 1.500 lorazainak be gogoan hartu ditu.

Loraldiaren 6. edizinoko egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu