Industriaren Euskal Plataformeak 2020rako helburuak aztertu ditu

Bizkaie! 2020-02-13 12:13   Kulturea

Euskerea industriaren arloan sustatzea da asmoa.

INDEUS, Industriaren Euskal Plataformeak batzar orokorra egin dau gaur, ekimenean parte hartzen dabizen enpresa eta erakunde publikoetako ordezkariak batuz. Miren Dobaran, Hizkuntza Politikako Sailburuordea, Alex Arriola, SPRIren Zuzendari Nagusia, Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko Zuzendari Nagusia eta CAF, CEIT, CIKAUTXO, COPRECI, DANOBAT, EIKA, ELAY, GOIZPER, IKERLAN, PETRONOR, TECNALIA, VICOMTECH, GAIA, ESLE eta ENERGIA KLUSTEReko ordezkiak batu dira Bizkaia Plaza eraikinean, Plataformeak orain arte egindako ibilbidea aztertu eta aurrera begirako helburuak finkatzeko.


Zer da Indeus?

INDEUS Industriaren Euskal Plataformea da, SPRI-Enpresen Garapenerako Agentziak bultzatua, Hizkuntza Politikako Sailburuordetza eta Energiaren Euskal Erakundeagaz batera. Euskeraz lan egitea erabagi daben enpresa industrialei laguntzeko sortu zan ekimena, euskerazko produktu eta zerbitzuak lortzeko bideak landuz. Ibilbide horretan, INDEUSek euskerearen presentzia txikiko enpresei be edegi deutsoz ateak, aurrekoen eskarmentua besteen eredu izango dalakoan. 20tik gora enpresa atxikitu dira plataformara 2018an lehen urratsak emon zituenetik hona.


Helburuak

Euskal Autonomia Erkidegoko industria arloan euskerearen presentzia indartu eta euskal enpresen lehiakortasunaren euskarri izatea dau helburu INDEUSek. Hori lortzeko bideak ezarri ditu dagoeneko:

- Euskerearen kudeaketa aurreratuko enpresen beharrak eta zailtasunak identifiketea.

- Enpresen beharrei eta zailtasunei erantzuna emoteko bideak aztertzea.

- Euskereak presentziarik ez dauen enpresa industrial handiak ekimenera erakartea.

- Euskerea txertatuta daben enpresak gainontzekoentzat eredu izatea.

- Ekimenean parte hartzen daben enpresen arteko komunikazinoa eta alkarlana sustatzea.


Antolaketea

Lau lantaldetan antolatu dira egitasmoan parte hartzen dabizen enpresa eta erakundeak:

- Euskerazko produktuak. Lantalde honen ardurea da enpresetan erabilten diran tresnak identifikau eta ikastetxeetako eta enpresetako ordezkarien arteko harrtu-emonak estutzea, langile etorri barriek softwarea eta aplikazinoak euskeraz erabilteko dituen zailtasunen aurrean, hobetzeko bideak buztartzeko.

- Inguru digitala. Lantalde honetan lantzen dabizen esparruak dira: enpresek erabilitako softwarearen inguruko informazinoa jaso eta aholkularitzea emoten daben enpresen informazinoa batu, zerbitzu horreek euskeraz emoteko bideak lantzeko.

- Erakunde publikoak. Lantalde honen aztergaiak dira: Administrazinoak zerbitzuak euskeraz emoteko eskaintzen dituan aukerak ezagutu eta erakunde publikoek programa eta dirulaguntzinoetan euskerea txertatzeko dituen aukerak aztertzea.

- Laugarren taldea. Euskerearen kudeaketara heldu barri diran enpresek egin dabe bat lantalde honegaz. Enpresa munduan hizkuntzearen kudeaketea zer dan eta zelan bideratzen dan ezagutzea, euskerea txertatzeko beharrak identifikau eta administrazino publikoak zertan lagundu leikien aztertzea dira bere ardurak.


Partaideak

Hogeitik gora dira Industriaren Euskal Plataforman parte hartzen dagozan enpresak: AMPO, CAF, CEIT, CIKAUTXO, COPRECI, DANOBAT, EIKA, ELAY, ENERGIA KLUSTERRA, ESLE ELKARTEA, GAIA KLUSTERRA, GOIZPER, IKERLAN, IRIZAR, MAIER, ORKLI, PETRONOR, RPK, TECNALIA, ULMA CONSTRUCCIÓN eta VICOMTECH.

Erakunde publikoak barriz hiru: Hizkuntza Politikako Sailburuordetzea, SPRI-Enpresen Garapenerako Agentzia eta Energiaren Euskal Erakundea.

INDEUSek ateak zabalik ditu euskeraz lan egiteko zailtasunak dituen edota euskeraz lan egiteko lehen pausuak emn nahi dituen enpresa gehiago hartzeko.


Lanerako tresnak

Erakunde eta enpresen arteko komunikazinoa sustatzeko gune digitala jarriko da martxan datozen egunotan; INDEUSen egindako bileren deialdiak, txostenak eta informazinoa jasoteaz gan, eztabaidagune bat be izango da.


Industria barriaren Hiztegia

Industriaren Euskal Plataformearen sorrera bultzatzeagaz batera, SPRIk hiztegi barri bat egitea erabagi eban, etenbarik berba barriak sortzen dituan industriaren alderdirik aurreratuenari jagokon hiztegi espezializatua hain zuzen be. Honenbestez, SPRIk bere alea jarri nahi izan dau euskerearen normalizazino-prozesuan, Industria Barriaren alorrean dauen sustatzaile-rola hizkuntzearen eremura be ekarrita.

Industria Barriaren Hiztegiaren nahia: batetik, sortuta dagozan euskerazko terminoen zuzentasuna eta egokitasuna aztertu edo termino barriak proponidutea; bestetik, oraindino euskerazko ordainik ez daben kontzeptuak izentetako euskerazko terminoak sortzea, erabiltzaileak aukera hori be eskura izan daian.

Elhuyarrek egin dauen hiztegi honek 250 kontzeptu ditu eta kontzeptu guztiek euskerazko, gaztelaniazko eta ingelesezko ordainak ditue; danetara, 870 termino. Baina hau hasiera baino ez da, hiztegia elementu bizi bat dalako, urtero kontzeptu barriak hartuko dituana.

Hiztegia ikusteko/erabilteko: https://www.spri.eus/hiztegia/

Hiztegiari buruzko informazino gehiago: sprihiztegia@elhuyar.eus

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu