Omako Basoaren erreplikea egin nahi dabe

Bizkaie! 2020-02-12 13:40   Kulturea

Ibarrolaren jatorrizko obrea iraunarazoteko neurria da, Foru Aldundiaren arabera.

Unai Rementeria eta Jose Ibarrola, artistearen semea (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Naturea eta artea buztartzen ditu Omako Basoak, Agustin Ibarrolak hango arbolak artelan bizidun bihurtu zituanetik. Bisitari ugari erakarten izan dituan arren, azkenaldion publikoa ezin da bertan sartu, basoa kaltetuta dagoalako eta arriskutsua dalako. Kalte horrek atzera bueltarik ez dauelakoan, ingurune berezi hori gordeteko moduen bila hasi zan Bizkaiko Foru Aldundia, eta, adituen eretxiak entzun eta gero, urtenbidea topau ei dau: Erreplikea egingo dabe Omatik hur.

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia buru, agerraldia egin dabe Foru Aldundiko agintariek, adituek eta Agustin Ibarrolaren oinordekoek, daukiezan asmoen barri emoteko. Rementeriak azaldu dauenez, arte bizia iragankorra da, berez, eta Ibarrolak berak baekian hori. Baina Omako Basoaren moltso artistiko-naturalari eusten ahaleginduko dira, denporeari aurre eginaz.

Adituen batzordearen zein Ibarrola familiaren oneretxiagaz, beraz, erreplikea egitea pentsau dau Foru Aldundiak. Rementeriak esan dauenez, zehaztasunak erabagi barik dagoz oraindino, baina baldintza batzuk garbi dagoz: Omatik hur-hurreko baso batean egingo dabe erreplikea, antzeko ezaugarridun ingurunean, Ibarrolaren obrearen espiritua hara eroateko. Ibarrolaren idea bikainak bizirik segiduko dau, ziurtatu dau.

Ahaldun Nagusiak adierazo dau orain aukerak bilatu eta baloretako unea dala. Zorroztasunez begiratuko dabe aukeratutako basoko arbolek baldintza egokiak bete deiezen halako obra bat luzaroan hartzeko, baita lan guztiak ingurunea errespetetea eta gunea bisitarientzat irisgarria izatea be.

Omako basoaren erreplikearen aldeko eretxia emon daben adituen artean, honeek dagoz: Ibarrolaren eta Omako Basoaren inguruko aditu handienetako bat dan Fernando Bazeta EHUko irakaslea; Javier Riaño pintore eta eskultorea; Miguel Zugaza, Bilboko Arte Eder Museoko zuzendaria; eta Lucía Agirre, Guggenheim Museoko arte-arduraduna. Adituen batzordean hartzen dabe parte, ganera, Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzako taldeek eta Basalaneko teknikariek.

Jatorrizko Omako Basoan ez sartzeko eskatu deutse Rementeriak herritarrei, debekua indarrean dagoan artean, behinik behin. Halandabe, ahal dan neurrian hango moltso artistiko batzuk gordeten ahaleginduko dira, eta ganerako basoa bertoko espezieakaz birpopulatuko dabe. Gaur egun, basoak 61 moltso artistikori jagokezen marraztutako 500 zuhaitz inguru ditu.

Gure eginbeharra 1990etik basoa eta Ibarrolaren obrea jagotea izan da, dino Rementeriak. Oma Bizkaiko sinbolo bat da, ezin dogu imajinau Oma bako Bizkaia. Badakigu ezin dogula saihestu pinuak hiltea, baina hileak daroaguz obreari bizirik eusteko bidea bilatzen, Omako espirituak bizirik segidu deian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu