Vicente Ameztoyren obreari errepasoa, Arte Eder Museoan
2020-02-11 08:05 Kulturea1970eko hamarkadan figurazinoa landu eban, orduko euskal artearen abstrakzinoaren aldean.
Eguaztenean, hilak 12, zabalduko dau Bilboko Arte Eder Museoak Ameztoy erakusketea, Vicente Ameztoy artista donostiarrari (1946-2001) eskainitako atzera begirako zabala. Madrilen egon da urritik, eta Bilborako pieza gehiagogaz osotu dabe erakusketea.
Honen aurretik, Donostian antolatu zan Vicente Ameztoyren obrearen atzera begirako erakusketa bakarra, artistea bera komisario zala. 1990ean izan zan, eta, beraz, azken urteetako lanak falta ziran. Halandabe, 1970eko eta 80ko hamarkadetako pieza esanguratsuak ikusi ahal izan ziran. Harrezkero, formatu txikiko erakusketak baino ez ziran egin.
Bilboko Arte Eder Museoko erakusketan, beraz, lehenengo aldiz aurkeztuko da jentaurrean Vicente Ameztoyren lan osoaren irakurketa bat, haren ibilbide artistiko osoa kontuan hartzen dauena. Horregaz batera, katalogoa atondu dabe, Joseba Sarrionandia eta Bernardo Atxaga idazleen testu eta guzti. EHUko Estetikako eta Arteen Teoriako irakasle Fernando Golvanok eta Javier Viar eta Miriam Alzuri erakusketearen komisarioek be idatzi dabe katalogoan.
Azken hamarkadetako euskal artearen bilakaeran zeresan handiko artistea izan zan Vicente Ameztoy. 1970eko hamarkadan, euskal artistak motibo abstraktuak lantzen bete-betean ebizan sasoian, Ameztoyk arte figuratiboaren alde egin eban. Subjektibotasunaren, misterioaren eta ironiaren interesaz lagundu eban bere figurazinoa. Ohiz kanpoko elementuak sarri marrazten zituan, eta itxuraz arruntak diran osogaien bidez, artelan aztoratzaileak sortzen zituan.
Euskal Herriko kultura eta historia garaikideaz gan, Ameztoyk hainbat erreferente erabili zituan, besteak beste, pintura ingeles aurrerrafaeldarra, Italiako quattrocentoa eta Magritteren surrealismoa. Horreek erreferenteak bere interesen arabera moldatzen zituan. Ekologia, argazkigintzea eta zinemea ziran bere interesetako batzuk.
Bagilaren 7ra arte ikusi ahal izango da erakusketea, Arte Eder Museoko 32. aretoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!