Bilboko Euskal Museoak barrikuntza proiektua aurkeztu dau

Bizkaie! 2020-02-10 13:13   Kulturea

Euskal Museo barriak 2023an edegiko ditu ateak.

Aurkezpen ekitaldian izan dira Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria, Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Euskal Museoaren koordinatzaile Sorkunde Aiarza. Egitasmoaren helburua da museoa euskal kulturara sartzeko atea izatea, mundura zabalik egongo dan ate bat izatea eta, holan, nazinoarteko goi mailako zentro legez finkatzea, etorkizunera begira. Gaur egun, hazkunde bete-betean dago: bildumea handitu da eta 4.000 piezatik gora digitalizau dira, online eskuragarri egon daitezan. Gainera, % 36 igon da bisitarien kopurua 2019an; 100.000 bisitatik gora izan ditu eta azken lau urteetan bikoiztu egin da kopurua; horrezaz gan, azken urtean 70 ekitaldi baino gehiago antolatu dira Klaustroan. Bestalde, Euskal Museoak erabilera publikora bideratutako azalerea % 57tik % 85era igotea aurreikusi da proiektuan.

Egitasmoa gauzatzeko lanak aurrera doaz, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren 20 miloe euroko inbersinoari esker. 2016 eta 2018 bitartean, Klaustroa egokitzeko esku-hartze bat egin zan: zoladurea barriztau, fatxadea garbitu eta beirazko estalki integratu bat ezarri jakon eraikinari, piezak hobeto jagoteko. Urte horreetan 5 miloe euroko inbersinoa egin eban museoak Kurtze eraikina eskuratzeko. Gaur egungo museoaren alboan dago eraikin hori, Gurutze kalean, eta hori espazio museistiko-kultural bihurtzea da asmoa. Dagoeneko amaitu dira kanpo gordailua egokitzeko lanak eta horri esker biltegiratu ahal izango da museoaren bildumako parte handiena konserbazino egoera onean; erakundeak esleitu barri dau piezen lekualdatzea, 413.248€-ko zenbatekoan. Datozen asteetan hasiko da lekualdatzea, eta urtebeteko epean amaituko dabe, gehienez be. Espazio esklusibo bat izango da gordailu barria, aukerea emongo dauena piezak hobeto eta modu abangoardistan kudeatzeko.

Bestalde, Euskal Museoak nazinoarteko lehiaketea abiarazo dau zentroaren esku-hartze arkitektoniko eta museografiko integraleko proiektua aukeratzeko, profesionalek osotutako epaimahai batek ebatziko dauena. Zemendiaren 22an eskaniki zan lehiaketea eta talde hautagaiek urtarrilaren 22ra arteko epea izan eben proiektuak aurkezteko; jasotako 9 proposamenak aztertuko ditu epaimahaiak, Euskal Museo barria zeinek diseinauko dauen erabagiteko. Honako kide honeek osatuta dago epaimahaia: Mikel Ocio, Matxalen Acasuso, Elisa Valero Ramos eta Ibon Areso arkitektoak; Zuriñe Antoñana zaharbarritzailea, Cristina Novoa museografoa eta Arantza Cuesta historialaria. Idazkaria Iñigo Villate da, eta epaimahaiburua Bilboko Udaleko Kulturako zinegotzi Gonzalo Olabarria. Ondokoak dira orain arte jasotako 9 proposamen anonimoen lemak: Haritz Berria, Eko-Nekta, ¡Errotik!, Hasieraren Hazia, Hartzulo Barri, Aztarna, El Lauburu, Sustrai Biziak eta Gu Geuk. Enpresa hautagaiek aukerea izan eben erakundearen espazioetara bisita teknikoa egiteko, abenduaren 10ean. 12 taldek egin eben bisitea, baina bisitarik ez egitea ez zan baldintza baztertzailea.

Apirilean edo aukeratuko dau epaimahaiak lehiaketearen irabazlea. Erabagi hori hartutakoan, talde irabazleak behin betiko proiektua aurkeztu beharko dau 2020ko azken hiruhilekoan. Jarraian, lanak esleitu eta hasiko dira, 2021ko lehen hiruhilekoan. Proiektu finalistea zein dan jakin arte, ez dago jakiterik lan horreek zehatz zelan egingo diran, baina obrea amaitu, eta Euskal Museo barriak 2023an edegiko ditu ateak, hain zuzen be, Euskal Museo Etnografiko eta Arkeologikoa izenez lehen aldiz edegi zituanetik 100 urte beteten diran urtean.


Aretz Bizia: Plan museologiko-interpretatiboa

Aretz Bizia kontzeptuan oinarrituko dira proiektua nahiz museo barria. Kontzeptu hori plan museologiko-interpretatibo barrian txertatuta dago, ulertzen baita Euskal Museoa munduari zabalik dan gizarte museo legez. Horretarako, berregituratze funtzional eta museografikoa gauzatu beharko da, barrubatuta eraikinaren birmoldaketa integrala eta erakusketa diskurso barria.

Esangura horretan, Aretz kontzeptuak gaur egungo bildumako Aretz-zarra piezeari omenaldia egiten deutso, eta Bizia kontzeptuak, barriz, bizitasunaren eta jarraitutasunaren zentzua iradokitzen dau, maila fonetikoan Bizkaiagaz eta Bilbogaz loturea egiteaz gan. Metafora bat da, museoa, euskal gizartea eta kulturea bera, organismo biziak dirala, herritar guztien ekarpenaren laguntzaz.

Euskal Museoaren helburu nagusia –euskal kulturea zabaltzea– gogoan izanik, 20 miloe euroko inbersinoa egingo da, hain zuzen be, lortu nahi da erakundeak gaur egungo bisitari kopurua halako hiru jasotea, 2023ko mendeurrenari bultzadea emotea eta Europako Urteko Museoaren Sarirako (EMYA) hautagaitza sendoa izatea, museo barriak ateak zabaldutakoan.

Helburu zehatzetako bat da etorkizunean 6.400m2-tik gorako azalera museistikoa izatea; gaur egun baino % 38 handiagoa. Proiektu honen arabera, Euskal Museoaren erakusketaguneak handitu egingo litzatekez pisu guztietan, eta Klaustroaren inguruan edegia litzateke. Holan, ibilbide bat eratu nahi da, eroango gaituana euskal bizimoduetan oinarrituriko iragana-oraina-etorkizuna arteko eakarrizketeak pieza adierazgarrienak ezagutzen, bisitarien sormena bultzatuz. Orotariko publikoarentzako erakusketa egokia, moldagarria eta aldian-aldian barriztagarria eskaini nahi da. Horretarako, ekipamendu aurreratuei jagoken mailako guneak antolatuko dira, besteak beste, gastronomiari buruzko laborategiak; gordailu bisitagarriak, punta-puntako teknologiaz hornidutakoak; eta ezagutza zentro bat. Nabarmentzekoa izango da euskerearen presentzia, kide izatearen harrotasunaren mezua zabaltzeko.

Euskal diasporea gogoan, jarraipena emongo jake dagoeneko martxan diran zenbait jarduerari, berbarako, hezkuntza eta digitalizazino programa zabalari; emoileakazko lankidetzan sakontzeari; kultureagaz lotutako ekitaldi gehiago antolatzeari; komunikazino digitala sendotzeari; eta beste erakunde batzuekaz lankidetza proiektuak gauzatzeari, hain zuzen be, arlo berekokaz (San Telmo, Baiona, Boise), lurralde berekoakaz (Bizkaiko Museoak) nahiz Europan proiekzinoa dabenakaz.

Proiektu hau datozen urteetan gauzatzea da konpromisoa, euskal kulturearen alderdi material eta immateriala gordeten jarraitzeko eta balio publikoa erakarteko. Alderdi horretatik, hurrengo pausuak izango dira altzari eta hornidura teknikoakaz jarraitu eta bildumea Euskal Museotik kanpo gordailura lekualdatzea, baita birmoldaketa integraleko proiektu arkitektoniko eta museografikoa idaztea be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu