Arantza Ibarraren 'Mi pequeño gran samurai', Zinegoak zabaltzeko

Dabi Piedra 2020-02-10 12:55   Zinemea

Zezeilaren 24an hasiko da jaialdiaren 17. edizinoa.

Zinegoak jaialdiko kideak, 17. edizinoko kartela erakusten | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinegoak jaialdiko arduradunek dana daukie prest, hilaren 24an Bilboko Gaylesbitrans Nazinoarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 17. edizinoari ekiteko. Hamaika modu izateko, sentiduteko, maitatzeko eta biziteko lemapean, dozenaka film labur, luze eta dokumental izango ditue ikusleek aukeran, Sail Ofizialean zein hortik kanpoko atal berezietan.

Julen Nafarrate komunikazino arduradunak adierazo dauenez, aurtengo leloak dinoana beteten ahalegindu dira programazinoa osotzeko orduan. Batez be, sexu-orientazinoaz harago doazan elementuak agertuko ditue, esate baterako, transexualidadea, hartu-emon ez binarioak eta halakoak. Gizarteak gai horreek ez baditu naturaltasunez hartzen, estigmazizazinoa sortu leiteke, dino Nafarratek.

Pau Guillen jaialdiko zuzendariaren arabera, sexu-identidadeen aniztasuna persona guztiei jagoken kontua da, ez da LGTBI komunidadearen ardura hutsa. Izan be, badagoz bikotekide bat transexuala daben bikote heterosexualak, berbarako. Nork bere nortasun eta gozamen sexuala askatasunez bilatzearen aldeko mezuak zabalduko ditue 17. edizino honetan. Indarkeria eta suizidioa be film askotan agiri dirala dino Guillenek.

Indar betean hasiko da 17. Zinegoak, lehenengo egunerako programazino mamintsua atondu dabe eta. Arriaga Antzokiko inaugurazino ekitaldian, Pepa San Martin zinemagile txiletarrari Ohorezko Saria emongo deutsie, eta, ondoren, Arantza Ibarra bizkaitarraren azken filma estreinauko dabe. Ekai Lersundi gazte transexual ondarroarraren historia kontetan dau Mi pequeño gran samurai pelikuleak. Ekaik bere buruaz beste egin eban 2018an.

Hiru egoitza nagusi izango ditu Zinegoakek lehenengo astean: Golem Alondigea, Bilborock eta BilbaoArte. Azken horretan, Barbara Hammer zinemagileari eskainitako zikloa egongo da. Igazko moduan, Sail Ofiziala hiru ataletan banatu dabe: Fik, Dok eta Krak. Danetara, 22 film luze aukeratu ditue hiru ataletarako.

Fik kategorian, bertoko zein kanpoko fikzinozko pelikulek hartuko dabe parte. Danielle Lessovitzen opera prima dan Port Authority eta Marko Škop eslovakiarraren Nech je svetlo nabarmendu ditue antolatzaileek, biak be jaialdi ospetsuetatik pasautakoak. Boliviatik datorren Tu me manques be, Rodrigo Bellotena, aitatzekoa da.

Dok sailean, ostera, dokumentalak izango dira ardatz. Ian W. Thomson australiarraren Becoming Colleen da azpimarratzeko modukoa, gitxitan aitatutako gaiari heldu deutsalako: 82 urteko gizon batek sexua aldatzeko prozesua hasi dau, baina zahar-etxean sartzen dabenean konturatuko da gizartea ez dagoala guztiz prest bere kasurako.

Krak sailean, azkenik, proposamen narratibo barritzaile eta desberdinak sartzen dira. Aurten, Sundanceko jaialdi entzutetsuan saritu daben film bat ekarriko dabe Bilbora, Mother I am suffocating. This is my last film about you, Lemohang Jeremiah Moseserena.

Aurreko edizinoetan legez, Sail Ofizialeko atal bakotxean irabazle bat aukeratuko dau nazinoarteko epaimahaiak. Baina nobedade bat be badago, hau da, hiru sailen arteko irabazle nagusi bat be aukeratuko dabe. Epaimahaiaren eretxia eta publikoarena aztertuta ebatziko dabe sari hori ze pelikulari emon.

Sail Ofizialetik kanpo, 45 film labur ikusteko aukerea be egongo da, Zinegoaken bigarren astean. Beste urte batez, Emakumeak eta Haurtzaroa eta nerabezaroa zikloei eutsiko deutsie, eta barritasun bi egongo dira: Indarkeria patriarkalak eta Gorputz errebeldeak.

Beste nobedade bat Bilgune Vermut dalako zikloa izango da, zapatu eta domeka goizean Bilborocken egingo dituen proiekzinoak. Filmak lasai ikusi eta horreen ganean berba egiteko tartea izango da. Bestetik, ZG/PRO jardunaldi profesionala antolatuko dau Zinegoakek. Paris, Lisboa, Tesalonika eta Milango jaialdietako arduradunak etorriko dira.

Euskal ordezkaritzeari jagokonez, oparoa izango da aurten. Euskal Herriko zinemagileek egindako 13 lan dakarz Zinegoakek, horreetako bederatzi, laburrak. Erroak: Euskal panorama sailean proiektauko ditue gehienak, baina Sail Ofizialean be hartuko dabe parte beste batzuek.

Behin Zinegoak amaituta, herririk herriko zikloaren txandea izango da, Zinegoak Hedapenaren bidez. Bilbon ikusitako pelikuletako batzuk Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat herritan proiektauko ditue. Aurten, 60 herritara helduko da Hedapena, eta, batez be, Araban egin dau gora kopuruak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu