Pepa San Martín txiletarrarentzat Zinegoak 2020ko Ohorezko Saria

Bizkaie! 2020-01-21 12:07   Zinemea

Zezeilaren 24ko inaugurazino galan emongo deutsie saria.

Pepa San Martín (argazkia: Zinegoak) | Ikusi handiago | Argazki originala

LGTBI+ Zinema eta Arte Eszenikoen Nazinoarteko Jaialdiaren, Zinegoaken aurtengo edizinoan Pepa San Martín zuzendari txiletarrari gorazarre egingo deutsie, haren zinema konprometidu eta ahaldunduagaitik. Mundua eta kulturea eraldatzeko armatzat dau zinemagintzea San Martínek, Zinegoakeko zuzendari Pau Guillénen arabera.

Curicó urian jaio zan San Martín, 1974an, eta zinemagintzea eta antzerkia landu ditu bere ibilbidean. 30 film baino gehiago egin ditu, batzuk zuzendari laguntzaile eta beste batzuk zuzendari nagusi. La ducha (2011) eta Gleisdreieck (2012) lanetan garbi itxi eban zein izango zan bere ibilbidea. Film labur biotan emakume lesbianak dira protagonistak, eta lotura afektibo konplexuen barri emoten dau kontaera erraz baten bidez.

2016an zuzendu eban lehenengo film luzea, Rara, eta Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean saritu eben. Karen Atala epaile lesbianaren benetako bizitzea da pelikulearen oinarria. Pepa San Martinen filmografiak eskema zaharrak irauli nahi ditu, alkarrizketak edegiten dituan bitartean, adierazo dau Pau Guillének. Emakumeei jagoken espazioa aldarrikatzen dau zinemagintzearen bidez, eta Txilen parekidetasunaren alde egindako pausuak ez dirala nahikoak salatu.

2020ko Zinegoaken Ohorezko Saria jaialdiaren inaugurazino ekitaldian emongo deutsie San Martíni, zezeilaren 24an Bilboko Arriaga Antzokian. Aurretik, hilaren 23an, Rara filma proiektauko dabe BBK Salan. 26an, ostera, zuzendariak masterclass-a emongo dau EHZE zinema-eskolan.

Epaimahaiak

Jaialdiko epaimahaien barri be emon dabe antolatzaileek. Igazko moduan, aurten be hiru sail izango ditu Zinegoakek, Fik, Dok eta Krak. Askotariko epaimahaiak egongo dira hiruretan, zinemea eta sexu aniztasuna landu daben profesionalek osotuak:

- Fik: Eneko Sagardoy, Juan Zapater eta Frida Barbara.

- Dok: Tania Arriaga, Valeria Vegas eta Andrés Duque.

- Krak: Aimar Arriola, Nuria Castellote eta Antoni Hickling.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu