Euskal gazteak ditu ardatz ‘Los Picoletos’ artista bikote argentinarraren erakusketa barriak

Bizkaie! 2020-02-10 08:30

Inkubagailuak BilbaoArten egongo da martiaren 6ra arte.

BilbaoArte Fundazinoak Dante Litvak eta Fabro Tranchida artista argentinar bikotearen Inkubagailuak erakusketea inaugurau dau, Los Picoletos izenez ezagunagoak, 2019an zentroan egoitzea izan eben. Zentroko instalazinoetan produzidu eta joan dan abenduan beste sei proposamenakaz batera aukeratutako erakusketea da Urazurrutia aretoan aurten egingo diran zortzi erakusketa nagusietatik lehenengoa. Los Picoletosek argazkigintzearen eta instalazinoaren bidez formalizetan dabe euren ikerketea, gazte-identidade desbardinakaz eta queer-punk eta skater kultureagaz lan eginez hari gidari legez.

Tranchida eta Litvak 2015ean hasi ziran ideak bateratzen eta alkarregaz beharrean. Skatearen, punkaren eta komikien eragina dabe eta kultura ezbardinetako gazteakaz lan egitea dabe helburu, munduaz daben ikuspegi personala nabarmentzeko. BilbaoArten egoiliar izan ziran sei hilebeteetan kontrakulturako euskal panoramako nerabe asko alkarrizketau zituen, eta gauzak ikusteko istorio eta modu oso bereziak emon eutsiezan.

Inkubagailuak Euskal Herriko personaiak Buenos Airesko Los Picoletos uriko beste bilaketa batzuetako personaiakaz lotzen dituan erakusketea da. Izenburua super heroien ernaldia emoten dan zientzia fikzinoaren irudimeneko leku horren erreferentzia da. Baina gaur egungo gazteek punk filosofia gordeteko ahaleginaren sinboloa be bada. Inspiretan deutsen komikietako inkubagailuek, saiakera-hodi edo likido amniotikoko bainuontzi bat kasu, botereak emon edo zauriak osatzen ditue, oso erabilgarria izango litzatekeena skater eta punkientzat. Erakusketan, inkubagailu horreek hozkailu batzuekaz irudikatu eta euren ikerketan parte hartu daben gazteen argazkietako batzuk jasoten ditue.

Erakusten daben instalazinoak argizarizko objektuakaz egindako argazkiak buztartzen ditu eta horreek material horren eskaintza zaharrera bialtzen dabe, Latinoamerikako eleizetan ohikoak ziranak, gaur egun oraindino be oso presente dagoan ohiturea. Birsortzeko kapaz diran inkubagailuakaz bezela, pieza batzuek aldare baten idea iradokitzen dabe, skate edo burruka egitean sortutako zauriak osatzeko errezau egin behar dauena.

Artista bi horreen eta Bilboko uriaren arteko hartu-emonak 2016an hasi ziran Argentinan, El Pico lako kinki zinemea deskubriduten dabenean. Eloy de la Iglesiak 1983an erretratau eban anti-heroien, drogen eta sexualidadearen mundu hori hareen begiakaz ezagutu eta ikusi behar eben unibersoa zan. Argentinako bildumagile baten laguntzinoari esker, 2017an Bilbora etorri ziran lehen aldiz eta, azkenean, 2019an, BilbaoArte Fundazinoaren beka-programan sartu ziran.

Inaugurazinoagaz batera, Munstro gazteentzako gida praktikoa izeneko liburua be aurkeztu dabe, Bart Simpsonen bizitzarako gida izenekoan inspirautakoa, artisten nerabezaroari buruzko liburua, lan egiteko erabilten daben ibilbidea eta materiala apur bat gehiago zabalduz.

Amaiera ekitaldian (martiak 6), Adrián Castañeda artista plastikoak performance bat egingo dau: paella bat kozinauko dau bere piezetako baten barruan, brontzezko koroa bat, gas hornidura baten bidez sua emongo deutsona.


Los Picoletos

Los Picoletos —Dante Litvak (1990) eta Fabro Tranchida (1987)— argazkigintza eta instalazinoaren bitartez, identidade gazte eta kultura queer-punk eta skaterrak ikertzen dituan artista bikotea da. Oraintsu irabazitako sariak: Kenneth Kembre, Itaú (ohorezko aitamena) eta Oxenford Bilduma Bekea. Azken lanen artean esanguratsuak: Abanderados (performancea La Juan Gallery-n, Madrid, 2019), Nudillos rotos (performancea Niño de Elchegaz batera, 2018), Moralzarzal (NN-n erakusketea, LaPlata, Argentina, 2019), Navajeros (erakusketea, Madrileko Arte eta Garapen Faktoria, 2017) eta Kontuz (Alkolea-Beach, Donostia, 2017). Artean egin ditue ikasketak. Irakasle be ibilten dira mintegi eta tailerrak emoten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu