Begoñazpi, Sagrado Corazón, Senide Arteko Taldea, Axular, Arizmendi eta Elburgo izan dira irabazle
2020-02-10 07:50 KultureaEspainiako finala martiaren 28an eta 29an izango da Tenerifen, eta sei taldek Euskadi ordezkatuko dabe bertan.
Eskola-zientzia eta teknologiaren jairik handiena, First Lego League Euskadiren historiako lehen final egoitzaniztuna joan zan; lehiaketa honek zientzia eta teknologiarako bokazinoak sustatzen ditu erronka tematikoen bidez. Hiru lehiaketa aldi berean jokatu dira Deustu-Bilbon, Donostian eta Arrasaten, Innobasque Barrikuntzearen Euskal Agentzia, Deustuko Unibersidadea, Donostia Sustapena eta Mondragon Unibersidadearen arteko batasunari esker. Horreek guztiak Innobasqueko bazkideak dira, eta ikasleak ikerketan, arazoen konponbidean eta zientzian sartzeko interesa konpartiduten dabe Agentziagaz batera.
Begoñazpi Ikastolea, Bizkaikoa; Axular Lizeoa, Gipuzkoakoa; eta Sagrado Corazón Ikastetxea, Bizkaikoa izan dira aurrekaririk bako edizino honetako hiru talde irabazleak, Deustu-Bilbo, Donostia eta Arrasateko lehiaketetan lehen postuan sailkatu ondoren, hurranez hurran. Parte hartu daben 126 taldeen artean aukeratuak izan dira, aurtengo erronka tematikoaren ─CITY SHAPER: biziteko eta lan egiteko ingurune hobeak eregitea─ hiru esparruetan osoenak bezela. Holan, azken sei hilebeteetan egindako lana edo beharra baloretako hiru proba egin ditue: uriakaz zerikusia dauen arazo bat hobetzeko jorratutako barrikuntza-proiektuaren aurkezpena; eurek diseinau, eregi eta programautako Lego Mindstorms robotaren jokoa; eta euren proiektuak First Lego League balioak kontuan hartuta landu dituela erakustea, hau da, aurkikuntzea, barrikuntzea, inpaktua, inklusinoa, talde-lana eta dibersinoa.
Bigarren postuan sailkatutako taldeentzat be izan da saririk: Senide Arteko Taldea, Bizkaikoa, Deustu-Bilboko lehiaketan; Elburgo, Arabakoa, Donostiako lehiaketan; eta Arizmendi Ikastolea, Gipuzkoakoa, Arrasateko lehiaketan. Guztiak Espainiako finalera joango dira irabazleakaz batera eta, beraz, sei euskal taldek ordezkatuko dabe Euskadi Espainiako First Lego League finalean, Tenerifen, martiaren 28an eta 29an. AEBetan, Japonian, Grezian, Brasilen eta Australian apirila eta ugaragarrila bitartean egingo diran nazinoarteko lehiaketetarako baimena lortzeko aukerea izango dabe han; egia esateko, First Lego League-n parte hartzen daben mundu osoko 100 herrialdetako 500.000 ikaslek baino gehiagok dabe helburu hori.
Eredu barri bat hazten jarraitzeko
11. edizino honetan estreinautako eredu barri egoitzaniztunak Innobasquek First Lego League Euskadiren etorkizunagaz dauen konpromisoari erantzuten deutso; programa honetatik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 8.000 ikasle baino gehiago igaro dira, eta urtetik urtera partaidetza-zifrak handitzen doaz. Hamaika urteko ibilbidean lortutako emoitzek First Lego League Euskadi STEAM (Science, Technology, Engineering, Art & Maths) Hezkuntzearen erreferentziazko programa bihurtu dabe EAEn. Holan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen dauen STEAM Hezkuntza Estrategiaren parte da eta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiakaz batera, ekimen honegaz lankidetza estuan dabil Jaurlaritzea bera.
6 hilebete erronka tematiko bati aurre egiteko
Deustu-Bilbon, Donostian eta Arrasaten jokatutako azken lehiaketak Innobasquek antolatzen dauen First Lego League Euskadiren 11. edizinoaren amaierea izan dira. Bertan, EAEko hiru lurraldeetako 2.000 ikaslek parte hartu dabe: % 20 Arabakoak, % 62 Bizkaikoak eta % 18 Gipuzkoakoak. Holan, amaiera bikaina emon jako Innobasqueren hezkuntza-programeari; programa hori askoz lehenago hasten da, ikasleak edizinoaren erronka tematikoan lanean hasten diranean. Espainian bakarra dan prestakuntza-programa honek aukerea emon deutse euskal ikasleei zuzenean ezagutzeko zelan lan egiten daben ikertzaileek eta teknologoek, arkitekturako edo injinerutzako profesionalek euskal enpresa, teknologia-zentro, erakunde eta unibersidadeetan.
Erakunde laguntzaileak
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, baita Scientia Fundazio, Dragados eta Robotix-ek be, alkarlanean jardun dabe Innobasque-Barrikuntzearen Euskal Agentziagaz, First Lego League Euskadiren 11. edizinoan.
Prestakuntza-programan parte hartu dabenak ondokoak dira: Begoñako Andra Mari (BAM) Irakasleen Unibersdade Eskolea, Gasteizko Udala, Azti, BCAM, Euskadiko Portu, Ubide eta Bideetako Injineruen Alkargoa, Dragados, Donostia Sustapena, LKS Krean, Mondragon Unibersidadea, Tecnalia, Deustuko Unibersidadea eta UPV/EHU.
Innobasque
Innobasque-Barrikuntzearen Euskal Agentzia aliantza publiko-pribatua da, irabazi asmorik bakoa, Eusko Jaurlaritzeak herri-onurakotzat joa eta Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzearen Euskal Sareko eragileek, enpresek, herri-administrazinoek, erakundezko ordezkariek eta barrikuntzeagaz lotutako era guztietako erakundeek osotua, ia 1.000 bazkide ditualarik. Eragile horreentzat guztientzat Innobasquek lankidetza-sare eta plataforma indartsua eskaintzen dau, beronen bidez barrikuntzea sustatzeko Euskadin.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!