'Parasite' filmak mugak apurtu ditu Oscar Sarietan
2020-02-10 07:55 ZinemeaBong Joon-ho hegokorearraren lanak film onenaren eta zuzendaririk onenaren ataletan irabazi dau.
Lehiakide gogorrak izan arren, eta pronostikoei aurre eginaz, Bong Joon-ho hegokorearraren Parasite (koreerazko jatorrizkoan, Gisaengchung) Oscar Sarietako irabazle nagusi bihurtu da, film onenaren eta zuzendaririk onenaren sariak emon deutsiezalako. Ingelesez ez dan lehenengo filma da pelikularik onenaren saria irabazten. Hortaz, Parasite-k hizkuntzearen mugak apurtu dituala esan leiteke.
Kritika bikainak eta beste sari batzuk eskuratuta heldu dan arren, Parasite ez da faboritoen artean egon, atzerriko pelikularik onenaren sailean izan ezik (hor be irabazi dau). 1917-ren aldekoak ziran pronostikoak, beste sariketa batzuetan irabazitako sari piloagaitik, baina Oscarretan esku hutsik geratu da Sam Mendesen lana, kategoria nagusietan behinik behin. Teknikotzat joten diran ataletan, ostera, finago ibili da Lehen Mundu Gerran kokatutako istorioa.
Quentin Tarantinoren Once Upon A Time... In Hollywood izan da kinieletako beste protagonista bat. Kasu honetan, sari handien artean, bigarren mailako aktorerik onenaren Oscarragaz konformau behar izan dau, Brad Pitten lanari esker. Martin Scorseseren The Irishman be, estreinau ebenean eragin eban ikusminaren azpitik geratu da.
Parasite-gaz batera, aktore nagusien atalak izan dira protagonista 92. Oscar Sarietako Galan. Hor bai, pronostikoek bete-betean asmau dabe. Joker filmean Joaquin Phoenixek egindako lana danen ahotan egon da azken hileotan, eta, ezinbestean, Akademiako kideek haren alde egin dabe. Emakumezko aktorerik onenaren kategorian, Renée Zellweger nagusi, Judy pelikuleagaitik. Laura Dern bigarren mailako aktorerik onena izan da.
Beste sari batzuk honeek izan dira: Gidoi originalik onena Bong Joon-ho eta Han Jin Wonentzat (Parasite); gidoi egokitua Taika Waititirentzat (Jojo Rabbit); dokumentala, American Factory; animazinozko filma, Toy Story 4; argazkirik onena Roger Deakisentzat (1917); soinu bandarik onena Hildur Gudnadóttirrentzat (Joker).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!