Idazle eta argitaletxeen arteko hartu-emonak aztergai Bilbon

Bizkaie! 2020-02-07 11:39   Kulturea

Pilar Reyes eta Juan Cerezo Alfaguara eta Tusquets-eko argitalpen zuzendariak protagonista.

Bilboko Udalaren esku dagoan Bidebarrieta Kulturguneak Eztabaidak literatureagaz programaren beste hitzordu bat jasoko dau datorren martitzenean, zezeilaren 11n. Idazleen eta euren argitaletxeen arteko hartu-emonei buruzko barriketaldia izango da; Editores y escritores, ¿parejas de hecho? izenburupean, ibilbide luzeko profesional bi batuko ditu, Alfaguararen eta Tusquets Editores-en argitalpen zuzendaritzen buru diran Pilar Reyes eta Juan Cerezo, hurranez hurran. Topaketea arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan eta sartzea librea izango da, leku guztiak bete arte. Streaming-ez jarraitu ahal izango da.

Cesar Coca kazetaria izango da moderatzailea, eta liburuaren industrian oinarrizkoak diran figura bi horreen arteko hartu-emonetan sakontzen saiatuko da. Esangura horretan, ondoko gai hauek planteauko ditu, besteak beste,: lotura horretan beste elementu batzuek daben garrantzia edo elementu horreek sartzea, alkarbizitza horren benetako izakera, argitalpen munduko lanaren eguneroko jarduna, argitaletxeen arteko gerrak autore arrakastatsuak eurenganatzeko, edo egile horreek zigilu jakin batera leial izatea.


Pilar Reyesek (Bogota, Kolonbia)

Letrak ikasi zituan Bogotako Unibersidade Javerianoan. Alfaguarako argitalpen zuzendaria da azken hamarkadan, baina aurretik 16 urte egin zituan Alfaguara Colombian. Argitaletxeen munduan eragin handiena daben 50 personen artean dago. Bere mahaitik igaroten dira oso idazle garrantzitsuen eskuizkribuak: Mario Vargas Llosa, John Banville, Bernardo Atxaga, Jöel Dicker, Arturo Pérez-Reverte edo Carol Joyce Oates, besteak beste; José Saramago, Günter Grass, Julio Cortázar edo William Faulkner agertzen diran katalogoa kudeatzen dau eta bera da 1964an sortu zanetik mende erdi baino gehiago bete dauen argitaletxea gidatzen dauena.


Juan Cerezo (Montillana, Granada)

Tusquets etxe mitikoaren argitalpen zuzendaria da. Bertan hasi zan, eta Milan Kundera, Haruki Murakami, John Irving edo Marguerite Duras argitaratu ditu Estaduan, eta argitaletxe horrek deskubridu zituan Almudena Grandes, Luis Landero, Enrique Vila-Matas edo Javier Cercas, besteak beste. Gaur egun Tusquets argitaletxearen buru dana orain 25 urte sartu zan enpresan zuzentzaile. Juan Cerezori esker heldu zan zigiluaren XXI. mendeko erantzun bikaina nagusia, Fernando Arambururen Patria, 33 argitalpen dituan eta miloe bat lagunek baino gehiagok irakurri dabena.

2007ko urtarrilean, Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri ebenetik, euskeraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturearen esparru osoko 325 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 10.000 persona baino gehiago hurreratu dira barriketaldietara. Egitarauaren helburua literatureagaz bat egiteko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturearen genero bat ardatz hartu eta genero horretan sakonduz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu