Kirk Douglas aktorea hil da
2020-02-06 09:04 ZinemeaHollywoodeko Urrezko Aroko azken izarretako bat zan, eta 103 urtegaz hil da.
Spartacus film entzutetsuko protagonistea, Estadu Batuetako aktore maitatuenetako bat, 103 urtegaz hil da, etxean. Issur Danielovitch Demsky izenagaz jaio zan, 1916an, New York estaduan, eta Kirk Douglas izen artistikoagaz pasau da mito izatera.
Errusiar jatorriko familia pobre judu baten jaio zan, sei arreba nagusi zituan eta umea zala aitak etxetik alde egin eban. Antzerkian lehenik, zineman gero, aktore ezagunen artean lekua egiten hasi zan, arreta handiz aukeratzen zitualako pelikuletan parte hartzeko eskaintzak, eta behin pertsonaia baten papela hartuta, hutsitu arte lan egiten ebalako, beti onena emoteko asmoz.
Lehenengo filma 1946an egin eban, The Strange Love of Marta Ivers. 1949an izentau eben lehenengoz Oscar Saria irabazteko, Champion filmean boxeolari baten azalean egindako lanagaitik. 1950eko hamarkadan bihurtu zan Hollywoodeko izar ezagunenetako bat, eta beste izendapen bi emon eutsiezen Oscarretan: 1952an (The Bad and the Beautiful) eta 1956an (Lust for Life).
Stanley Kubricken film bitan hartu eban parte gero, Paths of Glory (1957) eta Spartacus-en (1960). Azken horretan, pertsonaia ikoniko bihurtu eban antxinako Erromako Espartako esklabua. Sasoi haretan, komunisten kontrako zerrenda baltzean egozan sortzaileakaz behar egiten hasi zan, eta zerrendakoei egindako boikota apurtzen lagundu eban. Seven Days in May (1964), Posse (1975) eta beste lan asko etorri ziran ondoren.
Bizi indar handiko personea zanez, Kirk Douglasek beti segidu eban proiektu eta erronka barriak bilatzen, baita osasunez makal ibili zanean edo 1991n helikoptero istripua izan ebanean be. Oscar Sarietan, hiru izendapenetatik bakar bat be ez eutsien emon, baina bizi osoko merituak autortzeko Ohorezko Oscarra jaso eban.
Nazinoartean ospetsu, film mitikoetako protagonista eta sortzaile ezagunen aita (Michael Douglas, Peter Douglas...), Kirk Douglas Hollywoodeko Urrezko Aroko ordezkari bikainenetako bat izan zan, eta bizirik geratzen zan azkenetakoa. Anne Buydens emazteagaz batera martxan jarritako alkartasunezko ekimenak be ezin dira ahaztu.
Ehun urte baino gehiagogaz agerraldi publikoak egin zituan (adibidez, 2018ko Urrezko Globoen galan), baina edadearen kontura gero eta gitxiago urteten eban jentaurrera. Abenduan, 103 urte bete zituan egunean, ospakizun dotorea antolatu eutsien senideek. Handik hile bira hil da, Kaliforniako Beverly Hillsen eukan etxean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!