Booktegi eta Azkue lankidetzan, 'ElkarrizKatea' saioaren 3. denporaldian

Bizkaie! 2020-02-05 08:30   Kulturea

Zazpi euskal idazle konbidauko ditue.

Katixa Agirre (argazkia: 111 Akademia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hirugarren denporaldiari ekingo deutso laster internet bidezko ElkarrizKatea saioak, Booktegi plataformeak bultzatuta eta Azkue Fundazinoaren babesagaz. Izenburuak dinoanez, alkarrizketak kateatzen ditue kapitulurik kapitulu: Idazle batek beste bati egiten deutso alkarrizketea, eta hurrengo saioan bigarren idazle hori bihurtzen da alkarrizketatzaile, hirugarren idazle bati galderak egiteko. Holan, denporaldi osoan zazpi autore kateatu arte.

2018an egin eben lehenengo denporaldia, 2019an bigarrena. Besteak beste, Katixa Agirre, Beñat Sarasola, Uxue Alberdi eta Idurre Eskisabel pasau dira saiotik. 2020an, hirugarren denporaldirako, hobekuntza teknikoak iragarri ditu Booktegik, produktuaren kalidadeari eragingo deutsienak. 

Atal bakotxa 40 minutukoa izango da, eta Bilbon, Euskerearen Etxean grabauko ditue. Horrezaz gan, zuzeneko saio batzuk antolatu eta grabetako asmoa dau Booktegik, Euskerearen Etxean bertan, ondoren bere plataformara igoteko. Saio berezi horreetara nahi daben zaleak joan ahal izango dira.

Zuzeneko emonaldi horreetako lehenengoan, zezeilaren 20an, Katixa Agirrek hartuko dau parte. Festa gonbidatuak izeneko liburua aurkeztuko dau idazle gasteiztarrak, irakurraldi baten. Publikoak galderak egin ahal izango deutsaz.

Maiatzean halako saio bi antolatuko ditue. 8an, Xerezaderen Artxiboa bildumea landuko dabe, eta, 14an, prentsako zutabegileen lana jorratuko dabe zeregin horretan ibilten diran Jose Mari Pastorrek, Onintza Enbeitak eta Xabier Etxaniz Rojok. Urrian izango da azken saioa, enbata berbeari lotutako ipuinen ingurukoa.

ElkarrizKatea saioa eta zuzeneko ekitaldi bereziak egiteko akordioari esker, hainbat helburu beteten ditue Booktegik eta Azkuek. Euskerazko ikus-entzunezko sormena eremu digitalean bultzatzea da Fundazinoaren helburu estrategikoetako bat; Booktegirentzat, euskerazko irakurzaletasuna zabaltzea da helburu nagusia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu