Zinegoak-ek 'Express... Your sex!' ikus-entzunezko rallya antolatu dau

Bizkaie! 2020-02-04 11:53   Zinemea

Ikus-entzunezko maratoia zezeilaren 14tik 17ra izango da.

Zinegoak-ek Express... Your sex! ikus-entzunezko rallyaren lehenengo edizinoa antolatu dau. Lehiaketea jaialdiaren bezperako egunetan antolatuko da, zezeilaren 14tik 17ra, eta sexu, identidade eta genero–aniztasunagaz lotuta egongo da.

Parte hartzen daben taldeek 72 ordu izango ditue film laburra egiteko. Gai zehatza zezeilaren 14an jakinarazoko da. Zinegoak-eko zuzendari Pau Guillenek argitu dauenez, jarduera honen helburua sexu-aniztasunagaz lotutako ikus-entzunezko sormena bultzatzea da: Zinema edo ikus-entzunezko munduan lan egiten dabenen artean sensibilizazinoa sustatu nahi dogu.

Express... Your sex! lehiaketa honen ezaugarri berezienetako bat honakoa da: parte hartzeko ezinbestekoa izango da film laburrak eskuko telefonoagaz grabetea. Holan, ez da beharrezkoa izango material profesionala izatea parte hartzeko: Ez genduan gura material faltea traba bihurtzea maratoi honetan ez parte hartzeko. Interesa daben guztien parte hartzea bultzatu nahi dogu, batez be bat gazteena. Gidoian ipini nahi dogu arretea, istorioa kontetako erabili diran baliabideetan baino. Film laburrek gehienez hiru minutuko iraupena izan beharko dabe.

Izen-emoteak zezeilaren 14an egin beharko dira, barikua, 18:30ean, Bizkaia Aretoko Oteiza Auditorioan (Abandoibarra Etorbidea, 3. Bilbo). Izen-emote prozesu honetan parte hartzen daben personek sexu-aniztasunari buruzko berbaldi laburra jaso eta lehiaketearen gai zehatza zein dan ezagutuko dabe.

Parte-hartzaileek asteburu osoa izango dabe euren film laburra grabetako. Epea zezeilaren 17an amaituko da, eta lanak 18:30 eta 19:30 artean aurkeztu beharko dira Bizkaia Aretoan bertan. Express... Your sex! rallyak lau sari izango ditu: lehenengo saria (300 euro), bigarren saria (200 euro), hirugarren saria (100 euro) eta publikoaren saria (100 euro).

Sari-banaketea zezeilaren 20an izango da, 19:00etan, Bilborocken. Bertan aurkeztutako hainbat lan proiektau eta publikoaren saria erabagiko da. Asier Santamari(c)ak gidatuko dau ekitaldia, eta 3, 2, 1... Zinegoak! aurre-jaialdiaren barruan kokatzen da.

Jaialdia Zinegoak-ek antolatu dau, honako eragileen lankidetzeagaz: Zinebi, EHU Kultura, Music Library & SFX, UPV/EHUko Arte Ederren eta Gizarte Zientzien eta Komunikazioaren Fakultatea, IMVAL, EHZE eta DigiPen.

Oinarriak www.zinegoak.com webgunean konsulta daitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu