Azkuna Zentroak programazinoa indartuta ospatuko dau 10. urteurrena
2020-02-03 13:08 KultureaErakusketak, nazinoarteko jardunaldiak, proiekzinoak eta abar iragarri ditue.
Bilboko Alondigea, orain Azkuna Zentroa izena dauen kultura eta arte espazioa, orain dala hamar urte zabaldu eben, 2010eko maiatzean. Hortaz, 20. urteurrenerako programazino indartsua atondu dabe bertako arduradunek. Ganera, webgune eta seinaleztapen barriak estreinauko ditu laster.
2019ko balantzea egiteko eta 2020ak ekarriko dauena aurreratzeko, agerraldia egin dabe Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Fernando Pérez zentroko zuzendariak. Sorkuntza garaikidean erreferente izaten segitzea, programazinoaren bidez publiko barriak erakartea eta Azkuna Zentroak urian dauen presentzia areagotzea dira erronkak, euren esanetan.
Fernando Pérezek azaldu dauenez, urteurrena ospakizun bat baino, trantsizino bat izango da, Alondigearen jatorrian izan zana eta norantz doan kontuan hartuta, 2020ko programazinoaren bidez. Urte barriak dakarzan jarduera berezien artean, urirako proiektu artistiko barria, argazkigintzeagaz lotutakoa, aitatu dau Pérezek, eta Teka Barrien Nazinoarteko Lehen Biltzarra be egingo dabe.
Nazinoarteko lankidetza-sare barriak edegi dituela be jakin eragin dau. Sare horreen artean, literaturearen eta komikiaren erreferente garrantzitsu bik bultzatutakoa dago, Frantziako Angulemak (irudiaren eta komikiaren uria da Frantzian) eta Quebeceko Literaturearen Etxeak. Hiru egoitzetan egingo dan nazioarteko egonaldiaren bidez komikiari bultzadea emon nahi deutsie, Mediatekako komikiaren esparruan sormena bultzatzeko eta egileei sormen-prozesuetan laguntzeko, aurreratu dau Pérezek.
Bestetik, Bilbok historian izan dituan alondigen inguruko argitalpena plazaratuko dabe, urteurrenagaz bat eginaz. Azkuna Zentroa dagoan eraikina ardaoen biltegi edo alondiga izan zan luzaroan, baina halako eraikin gehiago be egon dira urian.
2019-2023 programea
Aburtok eta Pérezek agerraldia erabili dabe 2019-2023 proiektu-programearen lehenengo urtearen inguruko balorazinoa egiteko. Erabiltzaile, bisitari, artista eta sortzaileentzako, kultureagaz bat egiteko plataformea bihurtzea da planaren helburua, eta emoitzak emoten hasi dala dirudi: 2019an, programearen lehenengo urtean, % 40ko hazkundea egon da parte-hartzaile kopuruan.
Alkateak zera adierazo dau: Azkuna Zentroa inoz baino hobeto kokatuta dago gizarte eta kultura garaikidearen motor lez, urian bertan eta nazinoartean. Kultureak persona kritikoagoak, solidarioagoak izaten laguntzen deusku, azken batean mundua bidezkoagoa egiten. Kulturea gure uriaren ezaugarri bihurtu da.
Igaz dozena bat proiektu hasi edo eguneratu ziranez, pozik dago Fernando Pérez, balorazino positiboa egin dau. 105.000 parte-hartzaile baino gehiago izan dira, azken urteotako kopururik handiena. Garagarrilean, abuztuan eta irailean igarri da gehien hazkunde hori. Zuzeneko arteen ikuskizunetara joan diranen kopurua nabarmen handitu da, esaterako, Zinematekara % 64,5 gehiago joan dira, 2018agaz konparauta.
Bide horri eutsiko deutsagu, kultura garaikidea personakana hurreratzen eta uriari balioa gehitzen, adierazo dau Aburtok. Kulturea funtsezkoa da gure gizartean, edade eta muga barik, Bilbotik eta Bilborako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!