Hezeguneen Munduko Eguna da zezeilaren 2a

Bizkaie! 2020-01-31 10:50   Pil-pilean

Horren kontura, jarduerak antolatu ditu Urdaibai Bird Centerrek.

Mokozabalak Urdaibaiko paduretan (argazkia: Urdaibai Bird Center) | Ikusi handiago | Argazki originala

Domekan, zezeilaren 2an, izango da Hezeguneen Nazinoarteko Eguna. Bizkaiko hezegune nagusiko, Urdaibaiko padurako, faunea aztertu eta jagoten dauen Urdaibai Bird Centerrek ondo gogoan dauka hitzordua, eta egitarau potoloa atondu dau egun horretarako. Ate edegien eguna egingo dabe domekan Gautegiz Arteagako zentroan.

Zabalik egongo da 11:00etatik 17:00etara, eta bisitak dobakoak izango dira. Horrezaz gan, domeka goizean hegaztien eraztunketa zientifikoa zelan egiten dan ezagutu ahal izango da, eguraldia lagun bada. Gure inguruko hegaztiak hurretik ikusteko leku aproposa da Urdaibaiko padurea, biodibersidade handiko parajea da eta.

Ganera, Hezeguneen Eguna zezeilaren 2an egiten danez, Europako hegaztien negu-pasearen une gorenagaz bat dator Gautegiz Arteaga inguruan. Udagoienean etorri ziran espezie asko behatzeko modua dago orain. Espezie askotako ahateak ez eze, hegaberak, ubarroiak, lertxunak eta mokozabalak egoten dira. Arrano arrantzale bat be ibilten da inguruan.

2020ko Hezeguneen Eguneko leloa Hezeguneak eta biodibersidadea da. Hezeguneen garrantziaren inguruko mezua zabalduko dabe domekan, biodibersidadearen zein klimearen ikuspegitik. Klima aldaketea da, hain zuzen, gizadiarentzat eta planetearentzat gaur egun dagoan arazorik nagusienetariko bat. Hezeguneek klima-aldaketeari aurre egiteko daben balioa azpimarratuko dau Urdaibai Bird Centerrek.

Getxon, barriz, familentzako bisita gidatua egingo dabe domekan, Bolueko hezeguneko hegaztiak ezagutzeko. Jarduerea 10:30ean hasiko da Larrañazubiko Ingurumen Aretoan, ondoren hezegunera joango dira parte-hartzaileak, eta 13:30ean amaituko da. Doban dan arren, aldez aurretik izena emon behar da 688 88 35 96 telefono zenbakian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu