Guggenheim Bilbao Museoak 2020rako egitarau betea dakar

Bizkaie! 2020-01-31 10:33   Kulturea

Helburuak dira: arte modernoa herritarrei hurreratu eta artearen eta, oro har, kulturearen gozamena sustatu.



Olafur Eliasson eta Isaac Julien artisten berbaldiak, Ikuspegiak konpartiduten esperientzia-tailerra, Les Ballet Afrik konpainiaren New York is Burning jantza-ikuskizuna, Hezkuntza eta BBK programearen barruko Arkitekturako Laborategia umeentzat eta Summer for Teens tailerrak dira aurtengo jarduera nabarmenetako batzuk.

Guggenheim Bilbao Museoak asmo handiko jarduera-programazinoa dau 2020rako, aurtengo erakusketa-programen osogarri legez. Helburuak bi dira: batetik, arte modernoa eta garaikidea herritarrei hurreratzea; eta, bestetik, artearen eta, oro har, kulturearen gozamena sustatzea. Artistakaz atondutako berbaldiak eta topaketak, arkitektureari, arte plastikoei edo ikus-entzunezkoei buruzko ikastaroak eta tailerrak eta arte eszenikoen inguruko ekimen barritzaileak dira, besteak beste, programazino anitz hori osotzen daben jarduerak, eta aurten 70.000 persona inguruk hartuko dabe parte.

Ume eta familiak lehentasuna dira Museoan eta horregaitik artistek eta erreferentziako bestelako eragile batzuek landutako programazino zabala dabe eskura BBKren laguntzinoari esker.

Hona hemen jarduera aitagarrietako batzuk:

Artea, erdigunean

Puntako artistek, arte-komisario ospetsuek eta hainbat diziplinatako adituek topaketa, tailer eta mahai-inguruak egingo ditue Museoan:

- Olafur Eliasson nazinoarteko artista garaikide handia da, eta zezeilaren 12an berbaldia emongo du Olafur Eliasson: bizitza errealean erakusketeari buruz (zezeilaren 14an inaugurauko da erakusketea Guggenheim Bilbao Museoan).

- Arte garaikidearen alorrean nazinoartean entzute handieneko arte-komisarioetako bat da Germano Celant, eta bera izan da zezeilaren 26an Museoan inaugurauko dan Richard Artschwager erakusketea antolatu dauena. Hilaren 26an, arratsaldez, Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduradun Manuel Cirauquiregaz barriketan ibiliko da Artschwagerren obren garrantziari eta berezitasunari buruz.

- Lygia Clarken erakusketeari buruzko mahai-ingurua. Geaninne Gutiérrez-Guimarães Lygia Clark. Pintura arlo esperimental legez, 1948–1958 erakusketearen komisarioa da, eta martiaren 4an Latinoamerikako arte garaikidean adituak diran Adele Nelson eta Paulo Miyadaregaz barriketaldia izango dau abangoardia brasildarrean funtsezkoa izan dan eta aurten ehun urte beteko leukezan artista horri buruz.

- Andreas Roepstorff zientzialaria da, eta Kognizino, Komunikazino eta Kultura irakaslea Aarhuseko (Danimarka) Unibersidadean. Maiatzaren 16an eta 17an, Ikuspegiak konpartiduten tailer esperimentala zuzenduko dau, Olafur Eliasson artisteagaz egindako alkarlanaren emoitzea.


Experimenting

Experiencing Reflecting proiektuaren parte da eta bertan partaideek erakusketako hiru ikuspegi hautatu beharko ditue eta, gero, besteakaz konpartidu, isilean, mobimentuagaz lotutako esperientziei buruzko ikerketa-proiektu baten barruan.

- Megan Fontanella Solomon R. Guggenheim Foundation fundazinoko funtsetatik datorren Kandinsky erakusketearen komisarioa da (bagilaren 12an inaugurauko da Guggenheim Bilbao Museoan), eta bagilaren 10ean Vasily Kandinskyren eta haren garaikideen obrea ulertzeko eta haretaz gozetako oinarrizko gakoak aztertuko ditu Entzungelan.

- Isaac Julien eta Alex Reynolds artistak aurten Museoko Film & Video aretoan izango diran erakusketen programan dagoz, eta Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduradun Manuel Cirauquigaz barriketan izango dira euren obrei eta ibilbideei buruz. Erakusketak bagilaren 25ean eta urriaren 8an inaugurauko dira.


Musikea eta arte eszenikoak

- Works & Process at the Guggenheim programearen barruan, eta Europan lehen aldiz, New York is Burning jantza-ikuskizuna izango da Museoko Entzungelan abuztuaren 24an eta 25ean. Omari Wiles koreografoaren obrea da, eta Les Ballet Afrik konpainiak interpretauko dau. Ikuskizunak jantza afrikar tradizionalak buztartzen ditu afrobeat, house eta vogue lako estilo guztiz ezbardinakaz.

- 2020an, bost Art After Dark saio izango dira. Horreetan, nazinoarteko DJ onenak Atrioan izango dira musikea jarten, eta publikoak elektronikaz gozau ahal izango dau Museoko galeriak gauez bisitetan dituen bitartean. Hurrengo saioak: zezeilak 14, martiak 13, apirilak 24, maiatzak 15, eta bagilak 5.

- Aurten be, Bilboko Aste Nagusian, BBK Jazz Guggenheim Gauak kontzertuak izango dira Museoko Atrioan abuztuaren 25etik 28ra; horri esker, giro berezian ikusi ahal izango dira erakusketak.

Horreez gan, ondokoak be izango dira programazinoan: Artearen hastapenak programak, arte garaikideari buruz ikasi nahi dabenentzako ikastaroak (edizino honetan, Lourdes Cirlot arte-teorialari eta historialariaren laguntzinoa izango da); Konpartidutako hausnarketak, Museoko Arte Ardura eta Hezkuntza arloko profesionalek eskainitako bisitaldi esklusiboak, erakusketa barrietako edukiari buruzko ikuspegiak eskaintzen dituenak; Let’s Go to the Movies, ingelesezko film zatien proiekzinoa eta, gero, British Council-eko profesionalek bideratutako eztabaidea; Teatro Real antzokiaren opera proiekzioak; Drawing the Guggenheim nazinoarteko IV. marrazketa-topaketea (urriaren 25ean izango da, Guggenheim Museoen hiru egoitzetan: New York, Venezia eta Bilbo).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu