Guadi Galegok Estaduko Errealidade Eleanitza Sustatzeko saria jasoko dau Madrilen

Bizkaie! 2020-01-30 13:22   Kulturea

Artista galiziarrari emongo deutsie saria, Inmersión azken lanean eleaniztasuna sustatzeagaitik.

Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako, Kataluniako, Galiziako, Valentziako eta Balear Ugarteetako gobernuakaz batera, Guadi Galego artisteari emongo deutso Espainiako Errealidade Eleanitza Sustatzeko Saria datorren zezeilaren 20an, Ama Hizkuntzearen Nazinoarteko Egunean. Sei gobernuek joan dan zemendiaren 20an hartu eben erabagi hori, Bilbon batu ziranean hizkuntza politikearen arloko Lankidetza Protokoloaren Jarraipen Batzordearen ohiko bileran.

2008an UNESCOk sustatutako Hizkuntzen Nazinoarteko Urtea dala-eta ezarritako sari honek autortzen dau Espainiako hizkuntza-aniztasunaren alde eta sustapenean personek, erakundeek edo enpresek egindako lana, bai eta gaztelaniagaz batera hizkuntza ofizialak zabaltzen egindako ekarpena be. Aurreko edizinoetan Microsoft edo Eroski lako enpresei emon jako.

Gobernuek persona partikular bati emotea erabagiten daben lehen aldia da, kasu honetan, Galiziako musikearen esparruan proiekzinoa eta ospe handia dauen artista bati emon jako. Inmersion Iberiar Peninsulako zazpi hizkuntzatan abestutako musikek osotzen dabe (euskerea, galizierea, katalana eta gaztelania, baita portugesa, aranerea eta asturierea be), eta komunidade ezbardinetako artistek kolaborau dabe.

Saria emoteko ekitaldia Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan egingo da, eta sei gobernuetako arduradun instituzionalek hartuko dabe parte: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Mikel Arregi, Euskarabidea, Nafarroako Euskerearen Institutuko zuzendari kudeatzailea; Ester Franquesa, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia; Valentín García, Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari nagusia; Rubén Trenzano, Valentziako Generalitateko Hizkuntza Politikarako eta Eleaniztasunaren Kudeaketarako zuzendari nagusia; eta Agustina Vilaret eta Beatriu Defior, Unibersidade, Ikerketa eta Hizkuntza Politikako idazkaria eta Kataluniako Gobernuko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, hurranez hurran.


Kontzertua Callaon

Autortzea emoteko ekitaldiaren ondoren, egun horretan bertan, UNESCOk bultzatutako Ama-Hizkuntzearen Nazinoarteko Egunaren bezperan, sei gobernuek artista galiziarraren kontzertua antolatu dabe Callao City Lights/Cines Callao aretoan, 20:00etan. Ekitaldian, besteak beste, Mikel Urdangarin artista euskaldunak, Alidé Sans eta Clara Peya katalanek eta Vega kordobarrak hartuko dabe parte. Sartzea librea eta dobakoa da aretoa bete arte, baina ezinbestekoa da gonbidapenak aldez aurretik baieztatu eta hartzea bihartik aurrera hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu