Euskadiko Filmategiak bere ikusle errekorra hausi dau 2019an
2020-01-30 08:57 ZinemeaDanetara, 12.289 persona hurreratu ziran joan dan urtean antolatutako 95 ekitaldietara.
Euskadiko Filmategiaren programazino zinematografikoak bere errekorra hausi eban 2019an Donostiako (Tabakalera) eta Bilboko (Arte Eder Museoa) egoitzetan. Ekitaldi bakotxean 130 lagun bertaratu ziran, batez beste.
2018an, 6.201 persona batu zituen antolatutako 73 ekitaldiek, batez besteko 85 ikusle.
DIPC Donostia International Physics Centerregaz alkarlanean antolatutako Zinema eta Zientzia zikloak lortu zituen joan den urteko emoitzarik onenak. 4.312 ikuslek bete zituen Tabakalerako eta Bilboko Arte Eder Museoko aretoak, 2017tik kultura zinematografikoa eta kultura zientifikoa zabaltzea bateratzen dituan zikloak erakarrita: zinemearen historiako klasiko handiak eta izenburu barriagoak nazinoarte mailako zientzialari entzutetsuek aurkeztuta.
Buster Keatoni buruzko atzera begirakoak 3.000 ikusletik gora erakarri zituan. Cineteca di Bolognako zaharbarriztautako kopiak ikusi genduzan eta zuzeneko musikea entzuteko aukerea be egon zan, berbarako, Joserra Senperena eta Josetxo Fernández de Ortega pianistei esker. Oso belaunaldi desbardinetako personak areto berean batzeko indarra izan eban zikloak, zinemagile bikain hori miresteko eta haren aparteko talentu komikoagaz barre eginez gozetako.
Jazzinemaren 4. edizinoak, zinemea eta jazza batzeko Euskadiko Filmategiak antolatutako zikloak, 1.778 ikusle lortu zituan. Zikloa lehenengoz antolatu eben Bilbon Getxoko Nazinoarteko Jazzaldiaren laguntzinoagaz. Holan, Bizkaiko musika jaialdia Heineken Jazzaldiaren ohiko parte‐hartzeari gehitu jakon.
Yannick Bellon zinemagileari urria eta abendua bitartean eskainitako atzera begirakoak oso zenbaki onak lortu zituan, 2.000 ikusle baino gehiago izan ebalako. Amaitzeko, azpimarragarria da Juanmi Gutierrez zinemagileari eskainitako omenaldian eta Bertrand Tavernierrek aurkeztutako saio berezian aretoa betetea lortu zala nabarmentzea.
Euskadiko Filmategiaren programazinoak aurrera jarraituko dau 2020an, urtea amaitu aurretik Gasteizera (Artium) eroateko asmoagaz. Egunotan Zinema eta Zientzia zikloaren laugarren edizinoa dago martxan, DIPCegaz eta Donostia Zinemaldiagaz alkarlanean antolatuta. Hurrengo saioa zezeilaren 1ean izango da Bilbon eta zezeilaren 4an Donostian. Silvia Bonoli zientzialariak Proxima (Alice Winocour,
2019) filma aurkeztuko dau, eta proiekzinoaren ondoren filmaz barriketaldia izango dau bertaratutakoakaz, Bilboko Arte Eder Museoan eta Tabakaleran. Pelikuleak Donostia Zinemaldiko azken edizinoko Sail Ofizialean parte hartu eta epaimahaiaren Sari Berezia jaso eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!