Lolita Floresen berbaldiak zabalduko ditu 43. Eibarko Antzerki Jardunaldiak

Bizkaie! 2020-01-29 09:01   Kulturea

Zezeilaren 26an hasita, 22 ekitaldi izango ditu aurtengo hitzorduak.

Egitaraua aurkezteko ekitaldia (argazkia: Eibarko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eibarko Coliseo Antzokian eta Eibarko Unibersidade Laboraleko Hezkuntza Esparruan egingo ditue, zezeilaren 26tik apirilaren 2ra, 43. Eibarko Atzerki Jardunaldiak. Egitarauaren barri emon dabe Eibarko alkate Miguel de los Toyosek, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Maria Jose Telleriak eta Narruzko Zezen antzerki taldeko ordezkariek.

Izen handiko aktoreek hartuko dabe parte aurtengo edizinoan, programautako 20 antzezlanetan eta kaleko antzerkiko emonaldi bakarrean. Imanol Arias, Adriana Ozores, Jokin Oregi eta abar etorriko dira Eibarrera. Ganera, oholtza ganean barik, berbaldi baten azalpenak emoten entzun ahal izango dogu Lolita Flores kantari eta aktorea.

Actrices de raza izenburua izango dau berbaldiak, eta Lorea Arakistain kazetari eibartarrak aurkeztuko dau. Bere ibilbideko mugarriak jorratuko ditu Floresek, eta artisa ezagunen familia bateko kide izateak dakarzan ondorioetan jarriko dau arretea. Jaialdiaren lehenengo egunean, 26an, izango da saioa, Coliseo Antzokian (19:00, sartzea doban).

Ganerakoan, programatzaileek danetariko obrak ekartearen aldeko apustua egin dabe, drama zein umorea; euskeraz, gaztelaniaz zein berba barik. Euskal antzezlanen artean, Ni, munduko txarrena (Vaivén Producciones), Ikimilikiliklik (Marie de Jongh), Zaldi urdina (Axut!, Artedrama eta Dejabu), Simplicissimus (Tartean Teatroa) eta abar dagoz.

Era berean, 43. Eibarko Antzerki Jardunaldietan Juan Ortega sortzaileari omenaldia egingo deutsie, lau hamarkada baino gehiagoz jaialdiaren arduradunetako bat izan da eta.

Sarrerak salgai ipiniko ditue zezeilaren 1ean, Coliseo Antzokian eta Kutxabanken kutxazainetan. Antzezlan bakotxa hasi baino ordubete lehenago, lehiatilan erosi ahal izango dira sarrera solteak. Prezioak 5, 12 eta 15 eurokoak izango dira, emonaldiaren arabera.

Egitarau osoa hemen.

Kartela Iñaki Larrañaga artista eibartarrak egin dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu