Iñigo Lopez Simonek irabazi dau Tene Mujika Saria

Bizkaie! 2020-01-28 12:30   Kulturea

Bilboko XX. mendeko txabolen fenomenoa ikertuko dau bekeari esker.

Txabolak, Bilbon, XX. mendearen erdian (argazkia: Bilbaopedia.info) | Ikusi handiago | Argazki originala

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak lankidetzan antolatzen daben Tene Mujika Sariaren aurtengo deialdiak badauka irabazlea, Iñigo Lopez Simon historialari bilbotarra hain zuzen. Idurre Eskisabel, Imanol Murua eta Elixabete Garmendia egon dira epaimahaian.

Euskal Herriko oraintsuko historia lantzen daben ez-fikzinozko proiektuen bila ibili dira Sariaren arduradunak, eta Lopez Simonen proposamena bete-betean bat dator horregaz: XX. mendearen erdian, industrializazino bizkorrak ekarritako etorkinen baldintza gogorrek eraginda, Bilbon sortu ziran txabolak aztertuko ditu, eta fenomeno horren testuingurua bilatu. Lekukotzak be batuko ditu.

1950etik, hazkunde ekonomiko handia egon zan Bilbon eta beste gune industrial batzuetan. Aldi berean, Extremadura, Andaluzia, Gaztela, Galizia eta abarretako landaguneetatik gazteak alde egiten hasi ziran, bizimodu hobearen bila. Iñigo Lopez Simonek proiektuaren aurkezpenean azaldu dauenez, orduko agintariek ez zituen Bilboko azpiegiturak egokitu etorkinak baldintza duinetan hartzeko. Etxolak edo txabolak eregi behar izan zituen behargin hareek.

Hortaz, gai ugari buztartzen dituan azterlana egingo dau historialari bilbotarrak: Ekonomia, testuinguru soziala, politikea... Ganera, Bilboren historia ulertzeko ezinbestekoa dan fenomenoaren nondik norakoak argituko ditu, sarritan ezkutau egin dan gaia izan dalako txabolena eta etorkinen baldintza eskasena.

Tene Mujika Sariko antolatzaileek laguntzinoa emongo deutsie Iñigo Lopez Simoni, ikerlana egin deian. Trukean, urtebeteko epea izango dau lana amaituta aurkezteko. Ondoren, liburu formatuan argitaratuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu