Badator formatu txikiko antzerki zikloa Bilboko Zazpi Kaleetara
2020-01-28 13:12 KultureaZezeileko lau eguenetan egingo ditue Lautan Hiru jaialdiko saioak.
Bilboko Alde Zaharrean euskerearen eta kulturearen alde lanean dabizan lau entidadek bat egin eben igaz, antzerki laburrari lekua egin eta auzoko eskaintza eszenikoa aberasteko asmoz. Euskaltzaindia, Zazpi Katu gaztetxea, Bira gunea eta Café Bar Bilbao, bakotxa arlo batean dabil, baina lauren arteko alkarlanak emoitza ona emon eban.
Aurten, beraz, bigarren aldiz egingo dabe Lautan Hiru jaialdia. Izenak berak adierazoten dau zein dan ekimenaren funtsa: Lau egun, eta bakotxean formatu txikiko hiru pieza. Emonaldiak Euskaltzaindian, Zazpi Katun, Biran eta Café Bilbaon izango dira, zezeileko eguenetan, euskeraz.
Lau eragile desbardin gara, sortzez eta ekitez, gogoratu dau Lutxo Egia Birako kideak, baina konpartiduten doguz gauza batzuk, esaterako, euskerearen alde egiteko gogoa eta Alde Zaharrekoak izatea. Egiak onartu dauenez, igaz zalantzak izan zituen Lautan Hiruren lehenengo edizinoaren aurretik, funtzionauko ete eban halako proposamen batek. Publikoa barra-barra joan zanez, pozik geratu ziran antolatzaile eta antzezleak.
Zazpi Katuko kide Irati Diezek azaldu dauenez, euren partetik proposamena begi onez hartu eben: Formatu txikia lantzeko zirrikitua ikusi genduan. Eragileen arteko alkarlanak auzoa bizibarritzeko euki leiken indarra azpimarratu dabe gaztetxekoek, eta Birako Lutxo Egiak ezohiko transitoak sortzeko tresnatzat dau Lautan Hiru: Jaialdiari esker ikusi zeinkez gazteak Euskaltzaindian, eta helduak gaztetxean.
Euskaltzaindiarentzat abentura baten modukoa izan zan igaz Lautan Hiru antolatzea, Adolfo Arejita euskaltzainak kontau dauenez. Baina beharrezkotzat jo ditu halakoak: Bizirik dago Euskaltzaindia, eta horren seinale da euskal kulturako ekitaldiak antolatzen doguzala. Alkarlanean sinisten dogu.
Café Bar Bilbaoko arduradun Mikel Martinezek egitarauaren barri emon dau. Nobedade batzuk badagoz aurten, magia, ipuin kontalariak eta clowna sartu doguz, azaldu dau. Lehenengo egunean, zezeilaren 6an, Cecilia Paganinik eroango dau clowna Euskaltzaindiaren egoitzara, Lolipop ikuskizunaren bidez. Ondoren, Goiatz Labandibarren Salaketa irakurriko dabe Café Bar Bilbaon, establezimendu horrek emoten dauen saria irabazi barri dauen gidoia. Azkenik, Biran, Maixuaren edari miragarria aurkeztuko dau Ituiño magoak.
Zezeilaren 13an, Orbangabe errezitaldi laburra eroango dau Mikel Martínezek bere tabernara; ondoren, Euskaltzaindian, Amatxik dixit (Goitibera) egongo da, eta, azkenik, Zazpi Katun, Manifestu bat, Miren Tirapuren eskutik. 20an, honeek: Euskaltzaindian Edipo eta Yokasta (I. Agirreazkuenaga eta A. Sanz); Zazpi Katun Bakean dagoena bakean utzi (I. Torregarai eta M. Martiarena); eta Biran ETAren disoluzio agiriak (G. Perez eta A. Zabala).
Azken eguna zezeilaren 27a izango da. Euskaltzaindian hasiko dira saioak, Beatriz Egizabal ipuin kontalariagaz. Zazpi Katun Erika Olaizolaren Panpina ikusi ahal izango da, eta, amaierako hitzordua Birak hartuko dau: Telmo Iruretak Hiltzen zarenean piezea aurkeztuko dau, Yogurnha Borovari txandea pasau aurretik.
Saioak 19:00etan, 20:00etan eta 21:00etan hasiko dira egun bakotxean, hilaren 13koan izan ezik, azken biak ordu lauren aurreratuko diralako. Antzezlan bakarrerako sarrerak euro bian salduko ditue eta egun osoko saioak ikusteko bonoa, bost euroan. Zozketak be egongo dira ikusleen artean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!