Berreginen Museoak 14.966 bisitari izan ditu 2019an

Bizkaie! 2020-01-27 12:55   Kulturea

Zentroak inguruko jarduera kultural guztietan hartzen dau parte.

Bilboko Berreginen Museoak bisitarien datu bikaina dakar 2019. urtea zarratzeko: 14.966 lagunek bisitau dabe aurten museoko bildumea; Bizkaiko erakundeak izandako bisitari-kopurua sendotu egin dala islatzen dau zifra horrek. 2018an, Museoak antzeko emaitza lortu zuen, eta, aurreko urteen aldean, emaitzak gora egin du. Kopuru hori bilduma iraunkorrari eta aldi baterako erakusketei jagoke, baita zentroak ikasturte osoan programetan dauen jarduera-egitarau osoari be.

Aldi baterako erakusketen atalean, Berreginen Museoak KAO Lora, Sandia eta Printzesa dauka Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako erakusketea eta hor hiru artistak Ertibil-Bizkaia 2018 saria jaso ostean Japonian egin eben egonaldi artistikoen emoitzea erakutsi eben. Gainera, Bizkaiko erakundeak beste urte batez atondutako Marrazki eta Pintura ikastaroko ikasleen lanen erakusketea be nabarmendu behar da. Amaitzeko, Museoak Altxor Elektrikoak erakusketea ekarri eban Eskulturearen Museo Nazionaletik. Erakusketa horrek zehetasunez eta apaingarri irudimentsuz betetako erromatar inperio altuko garaiko piezen handitasunaz gozetako aukerea emoten dau. Horrezaz gan, galvanoplastia deskubridu daiteke, pieza metalikoen fabrikazino elektrikoan oinarri dauen formulea, izan be, jatorrizkoaren oso antzekoak dira; aldi baterako erakusketa hau Berreginen Museoan disfrutau daiteke 2020ko maiatzaren 24ra arte.

Aldi baterako erakusketez gan, zentroan kalidade handiko erreprodukzinoen erakusketa iraunkor bat dago, Samotraziako Garaipena, Zeusen Aldarea eta Venus Milokoa ikusgai dituana.

Orain urte batzuk Museoak beste espazio bat be kudeatzen dau: San Frantziskoko Komentuko Aztarnategia, Bilboko San Frantzisko auzoko Mariaren Bihotza plazan. Espazio hau uriko ibilbide sozial eta kulturalaren parte bihurtu da: Caosticaren Film Laburren Zikloa, Ate Edegiak, Juan Navas edo Miren de Miguelen kontzertuak eta Open House jarduerak antolatu dira bertan.

Ekimen horreei Berreginen Museoan bertan egindako jarduerak gehitu jakez: Obrea bere testuinguruan programa ezaguna, hilean behin egiten dana; erantzun handiko Swing Museoan!, hilebeteko bigarren domekan; Gau Edegia; Ondarearen Europako Jardunaldiak; Bihotza Sariak eta Kandelen argipean bisita bereziak; ekimen horreek guztiek uriko agenda kulturalean kokatu dabe erakundea.

Hezkuntzearen partea azpimarragarria da, izan be, Museoak aparteko ahalegina ipinten dau horretan, inguruko ikastetxeek bildumak hurretik ezagutu ahal izateko. Bizkaiko erakundeak hezkuntza programa ezbardinak ditu eta 200 bat ikasle-taldek gozau dabe horreetaz.

Bestalde, Bilboko Euskal Museoak bere presentzia digitala egonkortu dau, webgune barria sortuta: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus.

2018an jazo zan legez, inguruan antolatzen diran jarduera kultural gehienetan parte hartu dau 2019an Berreginen Museoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu