Bizkaiko Foru Aldundiaren museoek urteko katalogoa aurkeztu dabe
2020-01-27 13:02 Kulturea400 jarduera baino gehiago dakarz argitalpenak.
Bizkaikoa sarearen barruan dagoz Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko museo guztiak, eta, aurten lehenengo aldiz, katalogo baten batu ditue museo horreetan guztietan urte osoan egongo diran jarduerak. Aldi baterako erakusketak, tailerrak, bisita gidatuak, berbaldiak, zinema-zikloak eta halakoak dira, 400 inguru.
Era horretara, bizkaitarrek eta bisitariek eskura eta begiratu bakarrean jaso ahal izango dabe museoetako eskaintza zabala, baita Foru Aldundiaren galeria eta ondarea gordeteko espazioetakoa be. Bilboko Arkeologia Museoan aurkeztu dabe katalogoa, Lorea Bilbao Kultura diputadua bertan dala. Askotariko eduki tematikoak eskaintzen ditu, Bizkaiko historia, kultura eta ondarea ezagutzeko, adierazo dau Bilbaok.
Publiko guztiarentzako jarduerak ez eze, eskoletarako eskaintzea be sartu dabe katalogoan, hori be askotarikoa dalako Bizkaikoa sareko espazioetan. Lorea Bilbaoren arabera, kalidadezko kulturea hurreratzeko modu bikaina da hau, jende guztiak eskuratzeko modukoa eta publiko guztientzakoa.
Katalogoa ikusi hemen.
Foru Aldundiaren menpeko zentroen artean danetarikoak dagoz, Bizkaiko eskualde guztietan. Bilbon dagoz, esate baterako, Euskal Museoa eta Arkeologi Museoa, eta gure lurraldearen inguruko jakingarriak ezagutzeko leku aproposak dira, be bai, Gernikako Euskal Herria Museoa eta Bermeoko Arrantzaleena. Antxinako lanbide zehatzak gordeteaz arduratzen dira Muskizeko El Pobal burdinolea eta Balmasedako La Encartada. Bakioko Txakolingunea, Muñatones gaztelua, Rekalde Aretoa... be Bizkaikoaren parte dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!