José Saramago, euskeraz, Urrezko Bibliotekan

Bizkaie! 2020-01-27 10:48   Kulturea

Lisboako setioaren historia liburua berrargitaratu dabe, hogei urte geroago.

Euskerearen aurrerabidean hitzordu garrantzitsua izan zan Bilboko Bidebarrieta liburutegikoa, 1999an: José Saramago idazle portugaldar handiaren nobela bat, Lisboako setioaren historia, euskerara itzulita aurkeztu eben, eta Saramago bera be etorri zan Bilbora, Nobel Saria irabazi barri. Literatura unibersalaren harribitxi ha Jon Alonsok itzuli eban, eta Ibaizabalek argitaratu.

Hogei urte pasautxu geroago, obreari bigarren aukera bat emotea erabagi dabe, irakurle euskaldunentzat gustagarri izango dalakoan. Sasoi bateko Literatura Unibertsala bildumako ale guztiak aspaldi desagertu ziranez liburu-dendetatik, Urrezko Biblioteka egitasmoaren bidez dabiz hareek berreskuratzen, EIZIEren eta Elkar argitaletxearen arteko alkarlanari esker.

Donostian aurkeztu dabe Lisboako setioaren historia-ren berrargitalpena. Itzultzailea, Jon Alonso, bertan izan da, EIZIEko lehendakari Itziar Diez de Ultzurrunegaz eta Elkarreko editore Xabier Mendigurenegaz batera. Aurkezpenean zehaztu dabenez, gauza batzuk egokitu ditue edizino barria atontzeko orduan, hogei urte ez diralako alferrik pasetan. Euskerearen gaitasun literarioak nabarmen egin dau aurrera, Jon Alonsoren ustez.

Urrezko Biblioteka bildumearen 18. zenbakia da honako hau. 2010ean ekin eutsien egitasmoari, Literatura Unibertsala bildumako liburuak eskuraezinak zirala konturatu ziralako. Eusko Jaurlaritzearen babesagaz dabiz, pixkanaka, orain dala urte batzuk euskeratutako liburuak barriro publikoaren eskura jarten. Ganera, itzulpenak gaurkotu eta orrazten ditue berrargitalpenetarako, Diez de Ultzurrunek azaldu dauenez.

José Saramagok (1922-2010) idatzitako nobela ugarietako bat da Lisboako setioaren historia, jatorrizkoan História do cerco de Lisboa. 1989an plazaratu eban. Raimundo Silva fikzinozko pertsonaiaren bidez, Lisboako setioaren nondik norakoak jorratzen ditu Saramagok nobelan, eta mundu editorialean kokatutako trama korapilotsua aurkezten dau.

Nobelez gan, poesia eta narrazinoak be argitaratu zituan Saramagok, sei hamarkadako ibilbide literario luzean. Kazetari be ibili zan, eta kronika ugari idatzi zituan. Portugesezko idazle garaikiderik handienetako bat dala garbi dago, irabazitako sari guztiak kontuan hartuta, tartean 1998ko Nobel Saria. Gai sozial eta politikoetan konpromiso handikoa zanez, sekula ez eutsen ezkerreko ideei uko egin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu