'La trinchera infinita' filmak Goya bi irabazi ditu

Bizkaie! 2020-01-27 09:29   Zinemea

Alberto Iglesias donostiarrak bere hamaikagarren Goya irabazi dau.

Pepa Flores Marisol ez zan galan izan eta haren izenean, Maria Esteve, Celia Flores eta Tamara Gades alabek jaso dabe Ohorezko Goya. | Ikusi handiago | Argazki originala

Espainiako Zinemagintza Arte eta Zientzia Akademiak 34. Goya Sariak emon ditu astegoienean Malagan. Galea Andreu Buenafuentek eta Silvia Abrilek aurkeztu dabe.

Pedro Almodovar zuzendariaren Dolor y gloria pelikulea nagusi izan da edizino honetan, zazpi Goya irabazita, besteak beste, pelikularik onenaren saria, zuzendari onenarena, gizonezko aktore nagusi onenarena (Antonio Banderas) eta emakumezko bigarren aktorerik onenarena (Julieta Serrano).

Alejandro Amenabarren Mientras dure la guerra pelikulak bost sari eroan ditu, Lo que arde filmak bi eta beste bi Intemperie-k.

Euskal ordezkaritzeari jagokonez, Espainiako Gerra Zibilean eta gerraondoan girotutako La trinchera infinita 15 kategoritan hautagai zan eta, azkenean, Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filmak Goya Sari bi baino ez ditu irabazi. Belen Cuestak (Sevilla, 1984) irabazi dau emakumezko aktore onenaren saria La trinchera infinita-n egindako lanagaitik; eta Iñaki Diezek, Alazne Ameztoyk, Xanti Salvadorrek eta Nacho Royo-Villanovak osotutako taldeak eskuratu dau Soinurik Onenaren Goya saria film horretan egindako lanagaitik.

Alberto Iglesias (Donostia, 1955) soinu-bandak egiten dituan euskal musikagileak Goya Sarietan izendapen kopuru handiena dauen personea da, 17; eta era berean, sari gehien irabazi dituana be bada, 11 Goya baititu.

Mario Campoyk eta Iñaki Madariagak Efektu Berezi Onenen Goya saria jaso dabe El hoyo pelikulan egindako lanagaitik.

Beste alde batetik, Benedicta Sanchez izan da Goya Sarien Galan txalo zaparrada handiena eskuratu dauen personea; 84 urte ditu eta emakumezko aktore barriaren Goya Saria jaso dau Lo que arde filman egindako lanagaitik.

Pepa Flores Marisol ikusteko ikusmin handia egoan arren, azkenean, ez zan galan izan eta haren izenean, Maria Esteve, Celia Flores eta Tamara Gades alabek jaso dabe Ohorezko Goya.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu