'Euskal zinemagile eta aktoreen presentzia oparoa babestea da helburua'

Bizkaie! 2020-01-24 13:32   Zinemea

Goya Sarietan izendapen gehien jaso dituan euskal filma La Trinchera Infinita izan da.

La trinchera infinita | Ikusi handiago | Argazki originala

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Goya Sarien banaketa ekitaldian izango da bihar, Malagako Martín Carpena Kirol Pabilioian. Sailburuaren helburua da euskal zinemagile eta aktoreen presentzia oparoa babestea Espainiako Zinema Arte eta Zientzien Akademiaren hitzorduan, Eusko Jaurlaritzearen hurrekotasuna erakutsiz, izan be, euskal zinemeak 30 bat izendapen jaso ditu eta presentzia nabarmena izango dau ekitaldian.

Izendapen gehien jaso dituan euskal filma Moriarti etxearen La Trinchera Infinita izan da. 2018ko sari banaketan Handia filmari esker 10 Goya jaso zituan lantalde berak 15 izendapen jaso ditu aurten. Film horrezaz gan, euskal zinemeak bestelako hainbat aukera izango ditu Goya sariren bat jasoteko, berbarako, euskal zuzendari bik irabazi leikie Zuzendari barri onena-ren saria: Galder Gaztelu-Urrutia, El Hoyo filmagaitik eta Aritz Moreno, Ventajas de viajar en tren lanagaitik; azken film honek beste izendapen bi ditu: Arte zuzendaritza onena (Mikel Serranorentzat) eta Ule apainketa eta makillaje onena (Karmele Soler eta Olga Cruzentzat).

Horrezaz gan, Karra Elejalde aktoreak Goya saria eroan leike Mientras dure la Guerra filman egindako lanagaitik; pelikula horretako aktore Ainhoa Santamariak Bigarren mailako emakume aktore onena-ren saria eroan leike. Gizonezko bigarren mailako aktore onena-ren sariaren kasuan, Asier Etxeandia bilbotarrak irabazi leike, Dolor y Gloria filman egindako lanagaitik; film honetan Goya eroan leiken beste zenbait euskal herritarrek parte hartu dabe: Alberto Iglesiasek saria irabazi leike Soinu banda onena-ren kategorian eta, bigarrenik, Arte zuzendaritza onena-ren kategorian, Antxon Sanchezek irabazi leike garaikurra.

Era berean, euskal zinemearen ordezkaritzeak Goya sariren bat jaso leike honako kategoria honeetan: Efektu berezi onena kategorian, Mario Campoy eta Iñaki Madariaga (El Hoyo); Animazinoko film onena-ren kategorian, Elkano, lehen mundu bira lanak saria irabazi leike; Gaizka Urrutia zuzendariak egindako Auterretrato filmak Dokumental onena-ren saria jasoteko aukerea izango dau; eta azkenik, Raul de la Fuente eta Amaia Remirezen El infierno lana Film labur dokumental onena-ren saria irabazteko hautagaia da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu