Urtuellako San Felix Ikastoleak UNICEFen aintzatespena jaso dau
2020-01-23 12:46 KultureaEuskadin UNICEFen autorpena jaso dauen zentro bakarra da San Felix.
Isidro Elezgarai, UNICEF Euskal Herriko Batzordeko Presidenteak, Urtuellako San Felix Ikastoleari UNICEFen Umeen Eskubideetan eta Herritartasun Globalean Hezkuntzarako Erreferentzia Zentrotzat hartzen dauen aintzatespena emon deutso: San Felix Ikastolako hezkuntza proiektuaren parte diran persona guztiak eskertu eta zoriondu nahi ditugu. Oraingoz Euskadin UNICEFen autorpen hori jaso dauen zentro bakarra, esan dau Elezgaraik gaur goizean ikastetxean bertan egindako ekimenean; umeen eskubideak San Felix ikastolako bizitzearen ardatz bihurtu dira azken urteotan UNICEFegaz batera egindako lan guztiagaitik, eta umeen eskubideak bermatzeko erreferentzia diralakoan gagoz. Horrek guztiak ikasleei herritar kontzienteak eta arduratsuak izan daitezan laguntzen deutse, euren hobekuntzea eta garapen personalean, komunidadean eta gizartean daben ekarpena egiteko be kapaz izanik. Aintzatespen honek beste hezkuntza zentro batzuk inspiretea espero dogu.
Aitor Elorriaga San Felix Ikastolako zuzendariak azaldu dauenez, autorpen honek San Felix Ikastolako kudeaketa integralagazko konpromisoa islatzen dau umeen eskubideen ikuspegitik. Gure ikastolan personak dira garrantzitsuenak eta gure gizartea humanizetako ardura handia dogu.
Dagoeneko 109 hezkuntza zentro dagoz autonomia erkidego desbardinetan autortuta nazino mailan Umeen Eskubideetan eta Herritartasun Globalean Hezkuntzarako Erreferentzia Zentro legez. San Felix Ikastolea hirugarren deialdian autortutako 91 zentro barrien artean izentau dabe, 2019ko zemendian iragarriz. Ekimenak hezkuntza zentro horreek herritartasun proiektuak aurrera eroateko ahalegina bultzatu eta autortu nahi dau epe luzera, baita Umeen Eskubideen Hezkuntzan hobekuntza eta barrikuntza iraunkorra bultzatu be, hezkuntza zentroa eskubideen ikuspegitik kudeatuz.
UNICEFentzat nahitaezkoa da kalidadeko hezkuntza inklusiborako eskubidea, 2030 Agendak eta Garapen Iraunkorrerako Helburuek (GIH) zehazten daben moduan, gizarte bidezkoagoak eregiteko.
Aintzatespenetarako deialdia urtero egiten da da eta Ume Hezkuntzea, Lehen Hezkuntzea eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztiei zuzendutako deialdi edegia izaten da, publikoa, pribatua zein kontzertatua izan.
Umeen Eskubideetan eta Herritartasun Globalean Hezkuntzarako Erreferentzia Zentroen aintzatespenaren inguruko informazino gehiago: 2017tik, UNICEF Espainiako Batzordeak autortu egin ditu hezkuntza proiektuan Umeen Eskubideen inguruko eta Herritartasun Globaleko ikuspegia txertatzeko konpromisoa erakutsi daben zentroak. Ekimenaren informazino osoa eta oinarriak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!