Jaurlaritzako Kultura Sailak 48 zinema-proiektu babestu zituan igaz

Bizkaie! 2020-01-23 12:25   Zinemea

Diru-laguntzinoak eskuratzeko hiru deialdi edegi egon ziran.

Lara Izagirreren 'Nora' da babestutako pelikuletako bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Amaitu barri dan 2019. urtean, produkzino kulturalari laguntzeko deialdien bidez, zinemagintzeagaz lotutako 48 proiektu babestu zituan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, ohar baten erakunde horrek zehaztu dauenez. Danetara, 2.664.000 euro erabili zituan, hiru deialdi edegitan banatuta.

Batetik, kultur sormena bultzatzeko diru-laguntzino deialdiaren barruko zazpi modalidadeetako bat zinemagintzako gidoiak idazten dituenentzat da. Igaz, 104.000 euroko aurrekontua izan eban eta zortzi proiektu babestu zituan: Cacereño (Francisco Javier Barco); Auzia (Ximun Fuchs); Garrasi Mutuak (Ainara Mentxaka); eta Mirari (Maider Fernandez), besteak beste.

Bestetik, Jaurlaritzeak beste 300.000 euro bideratu zituan 2019an, ikus-entzunezko proiektuen garapenaren aldeko diru-laguntzinoen deialdira. Kasu horretan 16 proiektu babestu ziran, bakotxari 11.784 eta 22.380 euro bitarteko laguntzinoak emonda. Tartean egon ziran honeek: 3.000 obstáculos (Irusoin); Robot Dreams (Aixerrota Films); El asesinato de Anna Thorwald (Moriarti Produkzioak); eta Cenicienta Enmascarada (Myriam Ballesteros Producciones).

Azkenik, ikus-entzunezkoen produkzinoaren aldeko diru-laguntzinoetarako izan zan hirugarren modalidadea. Lau atal dagoz horren barruan, eta igaz 2.260.000 euroko aurrekontua izan eban. Fikzinozko film luzeak, aurrekontu txikiko film luzeak, dokumentalak eta film laburrak dira horreek lau atalak.

Horrezaz guztiaz gan, Eusko Jaurlaritzeak gogora ekarri nahi izan dau euskal zinemagintzea bultzatzeko beste bide batzuk be badituala. Zineuskadi eta Euskadiko Filmategia ditu martxan, eta proiektu ugari babesteko akordioak be eginak ditu, berbarako, Donostiako Zinemaldiagaz, Zinebigaz eta Mendi Filmegaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu