Hamar urte bete ditu Topatu komunikabideak

Bizkaie! 2020-01-23 10:06   Pil-pilean

Gazte mobimenduaren erakusle eta topalekua da.

Urteurreneko ikurra | Ikusi handiago | Argazki originala

Hamarkada bat bete da Topatu Gazte Proiektu Komunikatiboa sarean dagoanetik, 2010eko urtarrilaren 22an agertu zan lehenengoz. Harrezkero, gazteen ekimenetik sortutako proiektuak, asmoak eta amesak kontau ditu, belaunaldi barrien alkargune izan da eta isildutako ahotsen erakusleiho, eta euskera hutsean. Horixe da Topatuk gaur ospatzen dauena: 10 urte, 3652 egun gazteok sentidu, pentsau eta egiten doguna adierazoten, esan dabe bertako arduradunek ohar baten.

Urteurren biribila aprobetxauta, Topatuko kideek gogoan hartu ditue proiektuari egunean-egunean bizirik eusteko lan egiten dabenei. Halako egitasmo bat ez dabil berez, jente askoren ahalegina behar dau. Jente asko dau eta izan dau atzean, sarekideak, bazkideak, laguntzaileak… barrutik zein kanpotik proiektua hauspotu eta sendotu dauen gazte bakotxari mila esker eta besarkada bana.

Topatu 2010ean sortu bazan be, lehendik ondo landutako lurrean erein eben hazia bultzatzaileek. 2003an sortutako Gaztesarea erreferente izan zan luzaroan, eta oraingo Gazte Proiektu Komunikatiboaren aitzindari. Han sortutako gogoetek ekarri eben Topaturen abiapuntua.

Momentu politak eta une txarren bat edo beste ekarri ditu hamar urteko bideak. Baina, Topatukoek, horrenbeste irauteko giltzarria zein dan azaldu dabe: Garaian garaiko beharretara eta Euskal Herriak zein Gazte Mobimenduak zituan eta dituan erronketara moldatzeko gaitasuna erakutsi dau.

Aurrerantzean be ez dira geldirik egongo, eta dagoeneko euren buruari galdetzen deutsie 2020ko erronka nagusia zein izango dan. Komunikazinoa egin eta ulertzeko moduak aldatu dirala badakigu. Ezer ez da bere horretan geratzen, eta mobimenduari zor jakon egitasmo guztiek mobimenduan segidu behar dau. Urteurrena aprobetxauko dabe oinarri-oinarrira begiratu, proiektua barriro asmau eta anbizinoz ekiteko. Hurrengo aste eta hileotan emongo dabe prozesu horren barri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu