Artiumek 91.547 bisitari izan zituan 2019an

Bizkaie! 2020-01-23 09:10   Kulturea

Bisitarien % 56 izan ziran Euskal Autonomia Erkidegotik kanpokoak.

Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak 91.547 bisitari jaso zituan 2019an. Erabiltzaileei jagokenez, gora egin dau museoaren berezko programetako partaide kopuruak, eta behera, barriz, kanpotik ekarritako ekitaldietako partaideenak. Holan, berezko programetan % 5 handitu zan kopuru hori; esangura horretan, nabarmentzekoa da % 6ko igoerea izan zala erakusketa aretoetako bisitetan eta % 16koa, barriz, hezkuntza programetan. Museoaren kultura jardunetik kanpo egindako ekitaldietan % 29 gitxitu zan erabiltzaileen kopurua. Oro har, 45 urtetik beherako emakumea izan zan Artiumeko bisitaria. Museoaren Interneteko ikustaldi kopurua % 25 handitu eta 431.000 ikustaldi izan ziran.

Kultura jardueretan parte hartu eben personak museoak jasotako guztien % 24 izan ziran. Hezkuntza programen barruan eskoletatik jasotako bisitak, barriz, % 17.

Bestalde, arte nahiz kultura garaikidean espezializautako Liburutegi eta Dokumentazino Zentroaren erabiltzaileak Artiumera etorritako persona guztien % 12 izan ziran. Ehuneko horreek erakusketetako bisitarien ehunekoari gehituta, ikusi daiteke museoak izandako bisitarien % 87k jarduera kultural eta artistikoren batean parte hartu ebela Artiumen. Museoaren programazinotik kanpoko jardueretan parte hartu eben erabiltzaileen kopurua % 13koa izan zen 2019an.

Bisitarien jatorriari jagokonez, 2019an bisitarien % 56 izan ziran Euskal Autonomia Erkidegotik kanpokoak. Beraz, berretsi egin da azken ekitaldietako jokerea, hau da, turismoak gero eta protagonismo handiagoa dauela museoko bisitetan. Dana dala, Artiumek bertako eta kanpoko erabiltzaileen banaketa orekatuari eutsi eutson; erabiltzaileen % 34 arabarrak izan ziran; % 10, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak; % 30, beste autonomia erkidego batzuetakoak, eta % 26, atzerritarrak. Espainiarren artean, madrildarrak, katalanak eta gaztelauak izan ziran ugarienak Artiumen, eta atzerritarren artean, barriz, frantsesak, britainiarrak, italiarrak eta alemanak, hurrenkera horretan.

Edadearen eta generoaren arabera aztertuta, Artiumeko bisitari gehienak emakumeak izan ziran (% 54 emakumeak eta % 46 gizonak), eta 44 urtetik beherakoak (% 55 eta edade horretatik gorakoak % 45). Bisitari multzo nagusia 25 eta 65 urte bitarteko helduek osotu eben, bisitari guztien % 63 izan baitziran; bisitarien % 13 izan ziran 65 urtetik gorakoak, eta % 24, barriz, 25 urtetik beherakoak.

Interneteko eremuari jagokonez, Artiumen webguneek 431.000 bisita izan zituen 2019an, eta miloi bat orri ikusi ziran; horrek esan nahi dau erabilerea % 25 handitu zala 2018ko datuakaz konparauta. Sare sozialetan, Artiumek Facebooken dauen jarraitzaile kopurua 28.600era igon da (% 3), eta Twitteren, ostera, 17.870 jarraitzaile lortu ditu (gorakada txiki bat izan dau, 0,2koa). Museoa 2018an hasi zan Instagram erabilten, eta honezkero 2.290 jarraitzaile ditu (aurreko ekitaldian baino % 50 gehiago). Aitatzekoa da Museoak YouTubeko eta Vimeoko bere kanaletan argitaratutako bideoek 32.000 erreprodukzinotik gora izan zituela 2019an, eta 6.000 bisualizazino ordu baino gehiago izan zituen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu