Elena Odriozola ilustratzailea, Andersen sarietarako hautagai
2020-01-22 13:09 KultureaUme eta gazte literaturako saririk entzutetsuena da munduan.
IBBY erakunde antolatzaileak jakitera emon ditu 2020ko Hans Christian Andersen Sarietako aurtengo finalistak. Ilustrazinoaren atalean, sei finalisten artean euskal herritar bat dago, Elena Odriozola Belastegi donostiarra hain zuzen. Ume eta gazte literturearen arloan munduan dagoan saririk ospetsuena irabazi leike, beraz.
Junko Yokota buru dauen epaimahaiak aukeratu ditu ilustrazinoaren kategoriako finalistak. Horreetako bat da Odriozola, eta ganerakoak honeek: Isabelle Arsenault (Kanada), Seizo Tashima (Japonia), Sylvia Weve (Herbehereak), Iwona Chmielewska (Polonia) eta Albertine (Suitza). Danetara, 36 hautagai aurkeztu dira ilustrazinoko Andersen Sarirako aurten, IBBYren mundu guztiko ordezkaritzek bialdutakoak. Odriozolaren hautagaitzea Galtzagorri Alkarteak proponidu dau.
Andersen Sarietan autoreen obra osoa hartzen dabe kontuan. Galtzagorriren arabera, autoreen lanen kalidade estetikoa zein literarioa, baita haren freskotasuna eta barritzeko gogoa be begiratzen dabe. Umeen jakin-mina eta irudimenari eragiteko gaitasuna eta baliabide estetikoen aniztasuna be baloretan ditue.
Martiaren 30ean, Bolognako Ume eta Gazte Literaturearen Azokan emongo dabe irabazleen barri. Moskun, IBBYren 37. Biltzarrean emongo deutsiez diploma eta dominak aukeratutakoei, irailean. Ilustratzaileen kategorian 1966tik emoten dabe Andersen Saria, eta idazleena 1956tik.
Elena Odriozolak ia mende lauren daroa euskal literaturako argitalpenetan ilustrazinoak egiten. Autore ezagunen liburuetan agiri dira bere marrazkiak: Txiliku, Joxan Ormazabal, Mariasun Landa, Patxi Zubizarreta, Ana Urkiza, Juan Kruz Igerabide... Euskadi Saria bi aldiz irabazi dau (2009 eta 2013), eta 2015ean Espainiako Ilustrazino Sari Nazionala emon eutsien.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!